Ikus-entzunezko bestelako narratibei begira jartzeko asmoz, bideoaren bidez gure gizartea erregistratzeko eta irudikatzeko modu berriak aldarrikatuz sortu zen 2015ean Bideotik programa eta urtez urte eboluzionatzen joan da. Antolatzaileek esan bezala, “helburua ikus-entzunezko sormen, arte eta kultura sorkuntza bistaratzea da, kultura eta gizarte mailan sortzeko, gogoeta egiteko eta eraldatzeko tresna bezala, mugitzen diren irudien eta arte digitalaren bitartez hizkuntza berriak erabiltzea sustatuz. Orobat, ikusleen eta sortzaile horien artean elkar topatzea bilatzen du”.

Jauzi kualitatibo eta kuantitatibo interesgarria eman du aurten egitasmoak, izan ere, lehenengoz, deialdi publiko bat zabaldu dute programan erakutsi dituzten ekoizpenen aukeraketa egiteko, hala, espresio-bideoaren inguruko lanak garatzeko ikus-entzunezkoak erabiltzen dituzten artistei eta bideo-sortzaileei dei egin diete 2017tik aurrera sortutako lanak aurkez ditzaten. Guztira, estatuan eta nazioarte osoan sortu eta egin diren 300 proiektutik gora jaso zituzten 2019ko urriaren 25etik abenduaren 22ra bitartean, eta zortzi saiotan banatuta, 14 lan proiektatzea zuten aurreikusita otsailaren 4tik martxoaren 25era. COVID-19 gaitzaren agerraldiak gizartean izan dezakeen hedapena murrizteko neurriak medio, Azkuna Zentroak eta gainerako kultura erakunde eta zentro nagusiek beren jarduna eten dute Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuaren aginduz. Hori dela eta, Bideotik programak ezin izan du aurreikusitako egitarauaren bigarren zatia (martxoari dagokiona) bere horretan bete, baina hala ere, egitasmoaren bosgarren edizioan proposatutako ildoaren berri izan dugu lehen saioetan.

Errealitatearen zinemari buruzkoak, ikuspegi estetikotik eta praktika garaikidetik garatutakoak, eta feminismotik, dibertsitatetik, zein arlo sozialetik hurbil dauden narratiba berrietatik idatzitako sorkuntzak ezagutzeko aukera eskaini digu Bideotik programak. Zehazki, artxiboa eta memoria ardatz, esperientzia pertsonalekin, biografiekin eta bizi historiekin lotutako gaiak  jorratu dituzte artistek beraien film dokumental luze eta labur eta animaziozkoetan. Koronabirusaren gaitza pandemia izendatu bitartean, gainera, egile bakoitzak bere pieza defendatzeko eta ikusleekin batera proiektuaren sorkuntza-prozesua partekatu du Azkuna Zentroko Golem zinemetan.

Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatzen duen Oskar Alegriak zuzendutako Zumiriki (2019) filmak eman behar zion bukaera programari, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean estreinatu eta Sevillako Nazioarteko Zine Jaialdiko Las Nuevas Olas – No_Ficción saileko film onenaren saria irabazi, eta Ikuspuntu jaialdiko aurtengo ekitaldia inauguratu duenak. Hala ere, aitak utzitako ondarea berreskuratzea xede duen haurtzarora egindako bidaia poetikoa ezin izango da hilaren 25ean ikusi. Alegriarena baina, ez da aurtengo edizioko programan parte hartzeko hautatu duten film euskal herritar bakarra, izan ere, lehen saiotik bertatik, etxeko zenbait artista pasa dira.

Natxo Leuza eta Raúl de la Fuente nafarrek Born in Gambia (2018) eta Woman (2019) film laburrak aurkeztu dituzte, hurrenez hurren. Bi lanek, Víctor Suárez valentziarrak zuzendutako Brothers in Syria (2018) animaziozko dokumentalarekin batera, hasiera eman zioten Bideotik zikloari lankidetza humanitarioa oinarri izan duen saio berezi batean. Etengabeko errepresio eta indarkeria egoeran bizi diren edota jatorrizko herrialdeetako gatazketatik ihes egin nahi/behar duten herritarren errealitateak azalerazi dituzte hiru ekoizpenek: Gambiako haurren oinarrizko eskubideak nola urratzen diren salatuz –biolentzia, ablazioa, ezkontza behartua edota sorginkeria bizi dute-; Mozambiken (munduko beste edozein lekutan bezala) genero indarkeriak gizarte mailarik bereizten ez duela azpimarratuz -eta herrialdean musikak borrokarako tresna nola funtzionatzen duen erakutsiz; eta Siriako gerraren ondorio latzak Kasko Zurien erreskate taldeko boluntario izandako kide baten hitzak jarraituz ezagutuz.

Oier Fuentes eta Jorge Moneo batu dituen saioan, aldiz, memoria, oroitzapenak eta bizipenak jorratu dituzte bi zuzendariek. Aurreko belaunaldiei egindako omenaldi txiki bat dira bataren zein bestearen film laburrak, eternitatean bizirik iraungo duten istorioak. Jesus Mari Nafarroako azken saskigile artisaua da Fuentesen Azken saskia (2017) laneko protagonista, eta bere amona bera Gogor atzea (2018) lanekoa. Ekoizpen ereduaren eta artisau lana desagertzearen inguruan jardun du lehenengoan, egur xaflen zein Jesus Mariren arnas hotzaren soinua potentzializatuz. Bigarrenean, aldiz, bere amonarekin izandako elkarrizketa luzeari forma eman dio bizitza batean zaurgarria bezain hautsezina diren eta bidean nahita galdutako piezak bilatuz. Moneok, bestalde, familia bateko osabak, aitak eta semeak hurrenez hurren bizi izan zituzten istorio pertsonalek denboran zehar marraztuko duten esperientzia tragikoa osatu du Orbainak (2019) film sarituan. Horretarako, Euskal Herriko kultura arlo antropologikotik aztertu du eremu pribatutik heldutako testigantzen bidez. Irudiaren eta soinuaren harreman sinkronikoa eta naturalistarekin hautsiz, ahotsaren testura emozionala, sentsoriala, aldarrikatu du familia protagonistaren argazkiak gainjarriz, tratatuz eta horiei esanahi berriak esleituz.

Zinegile euskal herritarrez gain baina, espainiar estatuko eta nazioarteko sortzaileak ere bildu ditu Bideotik programak. Hauek ere, eremu publikoa eta pribatua zein gure lurraldeetatik kanpoko errealitateak aztertu dituzte beraien lanetan. Istorio pertsonalak eta bizitzeko modu “alternatiboak”, horrela esan badaiteke, izan dituzte orokorrean mintzagai. Izan ere, norbera bere buruaren jabe izanik, erabakiak hartzeko askatasuna eta errespetua aldarrikatu dute Caroline Reucker alemaniarrak, Inés Peris eta Laura García zein Clara Sanz espainiarrek.

Zaintza, migrazioa eta feminismoa lotzen ditu Sanzek Andómedas (2019) lanean. Mugikortasun arazo larriak dituen 90 urteko Rosita bere amonaren etxean sartu eta bere egunerokoa modu gordin batean erretratatuko du, María haren zaintzaz arduratzen den emakume ekuadortarraren lana azpimarratuz. Zuzendariak begirada atseginez, naturalistaz eta intimoz filmatuko ditu protagonistak, eta ondorioz, dituzten muga eta mendekotasun fisiko zein sozialak agerian utziz. Bakardadeak, oroitzapenak, bizitzan aurrera egin beharrak eta borroka pertsonalek atmosfera sentsible bezain delikatua sortuko dute.

Bi emakume ditu Andómedas lanak protagonista, hamaika, ordea Peris eta García valentziarrek zuzendutako [M]otherhood (2018) filmak.  Seme-alabarik izan nahi ez duten emakumeen hautua normalizatzeko eta amatasunaren inguruan dauden mitoak deseraikitzeko asmoz egindako dokumentala da, ama ez izatea erabaki duten bost testigantza jasoko dituena. Erabakia auzitan jartzen jarraitzen duen gizartean indarrean dauden tabuak zalantzan jarriko ditu lanak, eta bost testigantza horiek testuinguratzeko hamar adituren iritziak eta azterketak ere bilduko dituzte.

Ez da kasualitatea, filmean agertzen diren pertsona guztiak emakumezkoak dira. Zergatik? Hala erantzun dute zuzendariek aho batez: “Ez dago ahots maskulinorik, eta badu arrazoirik. Bost testigantzak emakumezkoenak izatea nahi genuen, baina adituei dagokienez, nazioartean gaia aztertu dutenak propio emakumezkoak izan dira, ez dugu gizon bat bera ere aurkitu. Ez da gure hautua izan, horrela gertatu da. Beharbada gizonek interesik ez dutelako izango da, kontu hau beraiekin bat ez doala uste dutelako”.

Reucker alemaniarrak zuzendutako Le ciel, la terre et l’homme (2018) ez-fikziozko ekoizpenean, aldiz, guztiz kontrakoa gertatuko da, ez dago emakumezkoen testigantzarik. XXI. mende bete-betean, beren borondatez nomada izatea erabaki duten familien istorioa kontatuko du. Horretarako, Marokoko basamortuko paisaietan murgildurik, nomada horiek lurrarekiko duten lotura eta atxikimendua nabarmenduko du zinegileak. Reuckerrek esan bezala, familia hauek oso tradizionalak dira eta emakumeek beraientzako bigarren mailako betekizunak direnak baino ez dituzte beteko gizartean.

Bisualki indar poetiko ikaragarria duen lana da, testura kontrajarrien bitartez bizimodu alternatibo horren argi-itzalak agerian uzten dituena. Basamortuaren, arearen, etxolen… kolore lausotuek talka egingo dute haurren jantzien kolore saturatu eta biziekin. Paisaia primitiboaren etengabeko presentzia hautsi egingo da pertsonaiek eskuartean darabilten gailu teknologikoekin. Ihesbiderik badutela ere gogoratuko digu zinegileak horrela, familien hautua bada ere, belaunaldi berriek beraien bizitza propioa egiteko nahia ager dezaketela plazaratuz.

Errealitatea narratiba berriak baliatuz arakatzen dituzten film dokumentalek osatu dute aurtengo Bideotik programa, zinema komertzialak dituen hutsuneak betetzeko asmoz, bestelako istorioak, edo besterik gabe, betiko istorioak modu eta ikuspegi kritiko batetik jorratzen dituen erakusleihoa izanik.

Pena da koronabirusaren krisiak zikloa eten izana, martxoaren 25a bitartean ikusteke geratu diren lanek ere hainbat eta hainbat hausnarketa ezagutzeko aukera ez izatea.