Igor Legarretak zuzendutako Ilargi guztiak. Todas las lunas film luzearen filmaketa bertan behera utzi du lan-taldeak, koronabirusaren krisiaren eraginez, osasun larrialdi egoera ezarri bezain laster. Filmaren taldeko kideen segurtasuna eta ongizatea bermatu nahian hartutako erabakia dela azpimarratu dute ekoizleek, hala, COVID-19ren hedapena geldiarazten laguntzeko gizarte-erantzukizuneko konpromisoarekin bat egin dute.

Otsailaren 17an ekin zion Ilargi guztiak. Todas las lunas filmeko lan-taldeak Mutrikun lehen irudiak hartzeari, eta lau aste lanean egon ostean COVID-19 pandemiaren krisiak eraginda zeregina atzeratu behar izan dute. Aurreikusitako egutegiaren arabera, oraindik ere, beste hiru aste geratzen zitzaizkien Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan errodatzeko. Ekoizleek jakinarazi dutenez, agintariek debekua agindu aurretik higiene eta babes pertsonaleko neurriak zorroztu zituen lan-taldeak Osasun Sailaren gomendioak jarraituz, baina alarma egoera ezartzearekin batera langileek beren jarduna eten dute.

Euskaraz errodatutako fantasiazko lana da Ilargi guztiak. Todas las lunas filma, zuzendariak berak adierazi bezala, “argitasunera egindako bidaia epikoa”. Jon Sagalárekin batera idatzi du Legarretak istorioa, eta Itziar Ituño zein Josean Bengoetxea izango dira protagonistak. Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartuko dute. Euskal industria zinematografikoan ibilbide luzea duten profesionalek osatzen dute talde teknikoa, izan ere, besteak beste, Laurent Dufreche muntatzailea, Mikel Serrano arte zuzendaria, Pascal Gaigne musika konpositorea, Imanol Nabea argazki zuzendaria ditu Legarretak aldamenean.

Filma Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Films-ek ekoiztu dute, Noodles Production ekoiztetxe frantziarrarekin elkarlanean. EiTBren eta RTVEren babesa du proiektuak, baita ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere. Filmax etxea arduratuko da banaketaz.