Broma zela uste genuen, barre egiten genuen, eta gurekin bat ez zetorren kontua zela iruditu zitzaigun. Baina dagoeneko errealitatea da. Etxean zintzo-zintzo gelditzera behartu gaitu COVID-19 gaitzak, izan ere, agintariek ezarritako alarma eta osasun larrialdi egoerek gure mugikortasuna zorrotz mugatu dituzte. Zer egin (printzipioz, luzatzen ez bada) pare bat aste iraungo dituen itxialdian? Italiarren irudimena geure eginez, iluntzeetan txalo-kontzertuak ematen hasi dira asko, Youtubeko zenbait influencer edo boluntario Yoga ikastaroak ematen hasi dira, komuneko papera futboleko baloi gisa erabiliz malabarrak egiteko erronkak ikusi ditugu Instagramen, edota eragile eta erakunde kulturalek bere eskaintza online eta doan jarri dutela aprobetxatuz museoetara bisitaldi birtualak egitera zein filmak barra-barra ikustera animatu direnik ere bada.

ZINEAko kideok ere, itxialdia jasangarriagoa egiteko proposamen bat luzatu nahi dizuegu. Beharbada ez zarete futbolzaleak izango, baina bertan behera utzi duten eta noiz jokatuko duten ez dakigun Errege Koparen tankerako txapelketa berezi bat antolatzea otu zaigu, Konfinamendu Txapelketa.

Bi fasetan banatuko dugu egitasmoa:

  • Lehenik eta behin, txapelketan parte hartuko duten filmak jaso behar ditugu, eta horretarako Twitter sareko gure kontuan zerrenda polit bezain luze bat sortu nahi dugu zuen laguntzarekin. Erraza da parte hartzea: dagoeneko zerrendan ez dauden film berriak idatzi, okurritzen zaizkizuenak (bost gehienez, gainerakoei ere parte hartzen uzteko).
  • Batutako film guztiekin kanporaketa-fase itxurako ligaxka bat prestatuko dugu: final-laurdenak, finalerdiak, eta final handia. Zein da itxialdiei buruzko film onena?

Berdin dio film euskalduna, espainiarra, italiarra, amerikarra, dokumentala, film laburra, orain gutxi estreinatutakoa edota Lumiere anaiek zuzendutakoa izan. Denak zaku berean sartuko ditugu, beti ere, itxialdiei buruzkoak baldin badira. Beraz, anima zaitezte parte hartzera, denon artean koronabirusa gaindituko dugu eta!