Ikuspuntu – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak inoiz baino jende gehiago bildu du hamalaugarren edizioan. Antolatzaileek adierazi duten bezala, guztira, 9.000 pertsona inguruk parte hartu dute martxoaren 2tik 7ra bitartean ospatu duten zinemaldian.

Nazioarteko dokumental onenak lehiatu dira beste urte batez Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian, eta datorren usteko hamabosgarren ekitaldia prestatzen hasi aurretik, balantzea egiteko tartea hartu dute Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko eta NICDOK elkarteko kideek. Zinemagileak, industriako profesionalak, ikasleak biltzen dituen hitzordua da Ikuspuntu jaialdia, eta aurten, inoizko ikusle kopuru handiena zenbatu dute.

Astebetez luzatu den edizioan 9.000 pertsonatik gora batu direla zehaztu dute antolatzaileek, gehienak egoitza nagusian, Baluarten (7.179 pertsona). Izan ere, egin dituzten 69 saioetatik gehienak bertan egin dituzte (filmen proiekzioak eta bestelako jarduerak kontuan hartuz). Gainerakoak (1.900 pertsona inguru), aldiz, Nafarroako Filmoteka, Iruñeko Planetarioa, Civivox Sarea, Civican, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, Gayarre Antzokia edo Katakrak zentroetan. Akreditatutako pertsonei dagokienez ere, 400dik gora izan dituzte: 200 baino gehiago ikus-entzunezkoen hainbat arlotako profesionalak, 179 ikasleak, eta 70 kazetari inguru.

Zinemaldia “heldutasunera iritsi dela” adierazi dute arduradunek, eta jendearen erantzun onak frogatzen duela programazioak eta antolatutako jarduerek harrera ona izan dutela”. Batez ere, “atzera begirakoak  hezkuntza programako tailerrak edo Radio 3-eko irratsaioak” bete egin direla azpimarratu dute. Hedabideetan, oihartzun handia izan du Ikuspuntu jaialdiak, eta “Iruñea eta, hedaduraz, baita Nafarroa ere, kulturaren bultzatzaile gisa agertu dira Estatuan nahiz nazioartean”.

Aurten ia 40 izen emate egon dira gazteen epaimahaiko kide izateko, eta horietatik 24 hautatu dituzte zeregina burutzeko; 60 boluntariok eman dute izena eta 29 aukeratu dituzte.

Informazio osatua, hemen.