Talentu berriak bilatu, eta haien lana bultzatu nahi dugulako. Zinema egiteko bide berriak arakartu nahi ditugulako. Euskarazko zinema indartu nahi digulako. Atera nagiak, zorroztu arkatzak eta eman bide sormenari: Martxan da Zinea atariaren I. Film Laburren Gidoi Lehiaketa!

Ohikoa da komunikabide batek bere lanaren muinaren alde ahaleginak egitea: talentu berriak zein zinema egiteko modu berriak bultzatzea, eta lengoaia zinematografiko berriak lantzen dituzten egileak bilatzea, euskarazko zinemaren bilakaeran aurrerapauso bat emateko.  ZINEAn horren alde aritu gara beti lanean.

Sektorearen egunerokoak lehen lerrotik bizi ditugulako, badakigu hamaika direla film bukatuak saritzen dituzten jaialdiak. Gutxi dira, ordea, egilea bere lehen urratsetan laguntzen duten deialdiak. Hainbat arrazoik bultzatu gaituzte lehiaketa hau aurkeztera:

  • Gidoiaren idazketa saritzea
  • Egileari laguntzea, oraindik bakarrik dagoenean
  • Proiektuaren zatirik garrantzitsuena denean, idazleari ekoiztetxe baten atea zabaltzeko aukera ematea
  • Gidoilariari lehen erreakzioa izaten laguntzea eta, hala, gidoiaren idazketa hobetzen laguntzea
  • Bere lehen finantzaketa-iturria izatea
  • Gidoiaren ekoizpenean aurrera egiteko aukera proposatzeko

Proiektu zinematografiko guztietan, gidoi onik gabe ez dago ezer egiterik. Gidoilariak, bere sormenaren bitartez, makina mugiarazten du, eta, horren ostean, taldea osatzen duten gainerako pertsonek esku har dezakete. Horregatik guztiagatik proposatzen dugu lehiaketa hau: ikusgaitasuna eman nahi diegu aukera baten bila dabiltzan edota euren ideia aurrera eraman ahal izateko bultzada bat behar duten gazteei. Film laburren egoera hobetzen lagundu nahi dugu, eta hori dela eta, irabazleari ordainsaria emateaz gainera, konpromisoa hartzen dugu,  hautatutako gidoiaren filmaketarako finantzaketa zein baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak bilatzeko ere.

Proposamenak jasotzeko deialdia gaur, 2020ko martxoaren 16an, irekiko dugu, eta maiatzaren 15a arte egongo da zabalik. Parte-hartzaileak 18 eta 30 urte bitartekoak izan behar dira, eta euskara izango dute lanerako hizkuntza. Hau da, euskaraz aurkeztu behar dute gidoia, eta, lehiaketa irabaziz gero, konpromisoa hartuko dute proiektua euskaraz filmatzeko

Irabazlea ekainaren 12an iragarriko dugu, ZINEA atarian bertan eta ekimen honekin elkarlanean ari diren erakundeen hedabideetan. Une horretatik aurrera, finantzaketa bilatzen hasiko gara, proiektua gauzatu ahal izateko.

Gehiago jakin nahi baduzu, irakurri xehetasunez lehiaketaren OINARRIAK.