Zuzendaria: Heiny Srour
Urtea: 1947
Herrialdea: Libano

THE HOUR OF LIBERATION HAS ARRIVED (1974) filmak Arabiar Golkoa askatzeko Fronte Popularraren borroka antikoloniala kontatzen du, eta Arabiako historiaren iraultza pasarte honen ikus-entzunezko dokumentu bakarra da. Altxor  izugarria. Hain da baliotsua, Heiny Srour, zuzendaria, Canesko Zinemaldian hautatua izatera eraman zuela. Zinema jaialdi frantsesean parte hartu zuen lehen emakume zinemagile Arabiarra izan zen, eta ez da harritzekoa. Filmaren aurkezpenak dioen bezala, “Lehen aldiz Ekialde Ertainan, isilarazi zituzten herritarrek ahotsa izango zuten”, eta filmari esker, ikusleok gertatutakoa ikusi eta beraien hitzak entzuteko aukera dugu egun.

Pantaila beltza dagoela emango dio hasiera Srourrek filmari, tiro eta leherketa soinuak bakarrik entzun daitezkeela. Gerrillak Imperio Britaniarraren aurka abesten duen kanta aldarrikatzaile batek emango dio jarraipena: “Negoziatzeko bide bakarra negoziazio armatua da” dio kanta horrek, ikusleari gertatutakoa hitzetan kontatuko dion bitartean.

Historiaren lerro nagusiak: Armada Britaniarrak, Golfoko monarkiak eta sultanek botere politikoa zuten petrolio eta leialtasun truke. Horregatik, kolonialismoari ezin zitzaion politika hutsaren medio aurre egin. Iraultza aukera bakarra zirudien. 1965. urtean Arabiar Golkoa askatzeko Fronte Popularrak borroka armatuari ekin zion. Eta 1968. urtetik aurrera erradikalizatu ere, Oman sultanatoaren herena askatu, erreforma sozialak sustatu eta sozialismo laiko demokratiko feminista ezarri arte. Gainera, lurra eta ura kolektibizatu ziren, eta hezkuntza-sisteman berdintasuna ezarri zen. Hauxe izan zen, hain zuzen, bultzatu zuten erreforma sozial aurreratuena: gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bereizketak bertan behera uztea.

Dokumentalak estruktura narratiboa badu ere, baliabide desberdin ugari erabiltzen ditu ikuspegi osatua eskaintzeko. Testuinguru historikoa off-eko ahots batek azalduko du berreskuratutako ezohiko artxiboko irudiak erakusten dizkigun aldi berean. Eta herritarren matxinada protagonistek (nekazari, langile, ikasle eta gudariek) lehen eskutik kontatuko dute.

Srour eta bere taldeak 800km-ko bidaia egin zuten, Royal Air Force-ren bonbardaketa sahiestuz, gerra-eremura iritsi eta kamara eskuan gertakariak gertutik filmatzeko. Eta horrela, irudi harrigarriak eskaintzen ditu filmak: haurrak kalashnikov arma beso azpian dutela ikasten, askatasunaren aldeko manifestazioak bai Arabian bai Britaina Handian, etab. Eta iraultzaren alderdi politikoa, kulturala, generokoa, eta ekonomikoa ere mahaiganeratuko ditu.

Heiny Srour (Beirut, 1945) 70 hamarkadako “Third Cinema Movement” -eko zinemagile garrantzitsuenetako bat da eta bere lanak emakume arabiarren iraultzen eginkizuna eginkizuna aztertu ohi dute. Tamalez, bere lehen filma -BREAD OF OUR MOUNTAIN (1968)- Libanoko guerra zibilean galdu zen baina, hasieran aipatu dudan bezala, bigarrena -THE HOUR OF LIBERATION HAS ARRIVED (1974)- Cannes Zinemaldian aurkeztea lortu zuen. Geroztik aukera gutxi egon dira film hau pantaila handian ikusteko eta, ostiral honetan, Donostian (Tabakaleran, 19:00etan) ikusteko aukera dugu, “Hasieratik. Zinema Feministaren Historiak” egitarauaren barne.