Robert Eggersen (The Witch, 2015) bigarren film luzea pertsonaia biko pelikula bat da. Bi farozainek, itsasargia zaintzen duten bitartean, lau astez bizi beharko dute elkarrekin Ingalaterra Berriko ugarte urruti batean; handik hilabetera, beste batzuek hartuko diete lekukoa. Kontakizunak aurrera egin ahala, aldiz, behargin bien arteko harremana zeharo bihurritzen joango da. Hori erakuste aldera, artisau-lan bikaina egin dute Eggerstarrek (zuzendariaren anaia gaztearen film labur batetik abiatu zen proiektua) bai gidoian bai irudiaren testuretan ere.

Bestalde, guztiz jakingarria da The Lighthouse izan zela Edgar Alan Poek idatzitako azken narrazioa (amaitu barik utzi zuen) eta kontakizun horixe izan zela film honen abiaburua. Uharte ekaiztsu galdu hartan, Eggersek atmosfera itogarri bat sortuko du, non obsesio ilunenak, sexualitatea, haluzinazioak eta irudi surrealistak (itsasneskak, olagarroak, munstroak) agertuko diren, tartean, nagusiak heldu berriari bisitatzea debekatzen dion itsasargiko goialdea.

Giro aztoragarri hori gauzatzeko, Eggersek eta Jarin Blaschke argazki zuzendariak hainbat baliabide formal darabiltzate maisuki. The Lighthouse euskarri fotokimikoan (pelikulan) filmatuta dago eta formatu karratuan (1.19: 1 proportzioan, XIX. mendeko filmetan bezala); beraz, aktoreak espetxeratuta agertuko zaizkigu hala fikzioan nola pantailan, eta lortutako atmosfera espresionistek, besteak beste, Cat People edo The Island of the lost souls klasikoen pareko irudi estonagarriak ekarriko dizkigute gogora, baita H.P. Lovecraft bera ere.

Nola lortu ote dute hori ordea? Ba, egundoko produzio-lana eginez eta, batez ere, argazkigintza (eta soinu banda!) zainduz. Blaschkek antzinako zeluloidearen emultsio ortokromatikoa (irudi kontrastatuagoak eta definituagoak erdiesteko) birsortu du, Camaravision bati Baltar etxeko 1930eko vintage lenteak jarriz.

Era berean, William Dafoek eta Robert Pattinsonen antzezpen kolosal bana egiten dute; baliteke inoizkorik onena, bion kasuan.

Interpretazio nahikotxo eman dakiokeen filma da The Lighthouse, dena ikusleon erabakimenean uzten baitu. Nor ote da eroa, itsas agure ipurterrea ala irlara heldu berri den behargin, ustez, koitadua? Zer gordetzen ote du (Kiss me deadly nahiz Pulp fictioneko maletinen antzera) faroko argi debekatuak? Edo, beharbada, ez ote da dena irudipen bat besterik? Seguruenik, interpretaziorik behinena hauxe liteke: gu-geu gerta gaitezke geure buruaren etsairik gaiztoena eta, gainera, geure buruarekin bizi beharko dugu beti, munduko azken puntara joanda ere. Ezin gehiago esan spoilerrik gabe. Maisulan bat.