Éric Baudelaire zinegile eta artista frantziar-amerikarraren Un film dramatique eta Ana Vaz brasildarraren Apiyemiyekî? lanek (ex aequo) jaso dute film onenari eman dioten Ikuspuntu jaialdiko Punto de Vista Sari Nagusia. Nazioarteko 23 dokumental lehiatu dira Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko sail ofizialean.

Martxoaren 2tik 7ra bitartean hamalaugarren edizioa ospatu du Ikuspuntu jaialdiak, eta dagoeneko epaimahaiak aditzera eman du zeintzuk izan diren sarituak. Hamabost herrialdetatik hautatuko bost film luzek eta hamazortzi film laburrek osatu dute sail ofiziala, eta horietatik hiru mundu mailako estreinaldiak izan dira.

Nazioarteko epaimahaiak 2020ko palmaresaren berri eman du, eta sorpresaz hartu dute ikus-entzuleek errekonozimendu nagusiaren erabakia. Izan ere, film onenari emandako Punto de Vista Sari Nagusia bi filmek jaso dute, ex aequo: Un film dramatique eta Apiyemiyekî?.

Lehenengoari dagokionez, bigarren hezkuntzako ikasle-talde animatu baten eta Éric Baudelaire zinemagilearen arteko benetako lankidetza argigarria izan dela aitortu dute saria justifikatzerako orduan: “Gazte horien ahots eta ikuspegi anitzak adierazpen hunkigarri eta bertutetsu bihurtzen dira, zinemak gu bizi garen eta asmatzen dugun mundua ikusteko eta entzuteko duen gaitasun bereziari buruzkoa”.

Brasildarraren lanaz, bestalde, epaimahaikideek argitu dute “Amazoniako herri indigenen aurkako krimen genozidei buruz oraindik aribidean dagoen historia iluna desestaltzen ari den giza eskubideen aldeko aktibista baten lana jarraitzeko superinposizio-hizkuntza asmatzen duen film oroitarazlea eta sakonki lirikoa” dela.

Lawrence Abu Hamdan jordaniarra izendatu dute zuzendari onena, eta Once Removed dokumentalean egindako lanagatik Jean Vigo saria eman diote. “Harritzeko eta irakasteko” duen gaitasuna goraipatu diote, “iraultza, indarkeria eta trauma kolektibo erreprimituaren historia konplexu bat” azaltzeko erabili duen sormena azpimarratuz.

Film Labur Onenaren saria Now, at Last! lanari eman diote. Ben Rivers artista esperimentalak zuzendutako ekoizpena “denbora zinematografikoari egindako oda alai eta sakona” dela ebatzi du epaimahaiak. Publikoaren Sari Berezia Overseas (Sung-a Yoon) lanak jaso du, eta gazteriarena, aldiz, Kathryn Elkinek zuzendutako Queen-ek. Epaimahaiak aipamen berezi bi ere egin nahi izan ditu, bata Queen-i hain zuzen ere, eta bestea Aquí y allá (Melisa Liebenthal) lanari.

Informazio gehigarria, hemen.