Let there be light (Nech je svetlo) film eslovakiarra gailendu da Bilboko Zinegoak jaialdiko 17. edizioan. Marko Škopek zuzendutako lanak FIK saileko errekonozimendu gorena jasotzeaz gain Zinegoak 2020 Sari Nagusia irabazi du. DOK sailean Nicole Costa txiletarraren El viaje de Monalisa eta KRAK atalean Jessie Jeffrey Dunn Rovinelliren So Pretty nabarmendu dituzte epaimahaikideek. Mi pequeño gran samurai film laburra saritu du publikoak.
Otsailaren 24an egin zuten inaugurazio ekitaldian zein larunbat gauean (martxoak 7) eramandako sari-banaketa ekitaldian protagonista berdinek bereganatu dute ikus-entzuleen arreta. Arriaga Antzokian aurkeztu zuten Arantza Ibarra zuzendariak eta Izaskun Arandia ekoizleak Mi pequeño gran samurai film laburra, eta estreinaldian jasotako txalo-zaparradak oihartzuna izan du Bilboko Zinegoak jaialdiaren 17. edizioko palmaresean. Izan ere, Publikoaren Film labur Onenaren Saria jaso du 2018. urtean bere buruaz beste egin zuen Ekai Lersundi gazte transexual ondarrutarraren bizitza oinarri duen lanak 8,6ko balorazioarekin, eta Ibarrak saria jasotzerakoan adierazi bezala, ekoizpenak bere helburua bete du. “Garrantzia gehiago eman nahi izan diot gaiari, estiloari edo teknikari baino”, horrela aitortu zuen filmeko zuzendariak ZINEAn egindako elkarrizketan, eta jaialdiak iraun bitartean lana ikustera hurbildu direnek ere hala ulertu dute.
Sexu-orientazioaren gaia baino harago joatea izan da aurtengo ekitaldiko erronka nagusia, sexu-identitatearen arloan gehiago sakondu eta atal berriak jorratzea. Hala, izateko hamaika modu aldarrikatu ditu Zinegoak jaialdiak sail ofizialeko hiru kategorietan zein film laburrei eskainitako ataletan, eta zehazki, 11 izan dira guztira banatu dituzten errekonozimenduak.
Epaimahai ofizialen eta publikoaren artean erabaki dute garaikur gorena nori eman, eta Marko Škop zuzendariaren Let there be light (Nech je svetlo) film eslovakiarra izan da Zinegoak 2020 Sari Nagusia jaso duena. Škopen lana FIK sailean ere gailendu da. Europa erdialdean gorroto-diskurtsoek eta homofobiak izan duen gorakada salatuko du lanak: eskuin muturraren pizkundeak ‘babes’ kontzeptua du ardatz; populismoa ondorio. Gazteak hezi beharra da filmeko abiapuntua, eta horretarako, maskulinitate prototipoetatik aldentzen direnak zigortzea zilegi izango da, Eliza bidelagun. Hala argudiatu du epaimahaiak bere erabakia: “Pelikula honek gizarte patriarkal eta militarista honen mekanismoak agerian uzten ditu. Horien eraginez aniztasuna isilarazi eta zigortzen dute, desirak mugatuz eta pertsonak askatasun barik bizitzera kondenatuz”.
Gainera, filmeko Zuzana Konecna aktoreak taldeko aktore onenaren saria ere bereganatu du “mina, amorrua, inpotentzia eta haserrea” maitasunez antzeztu dituelako, “ia-ia elkarrizketarik gabe eta pertsonaia protagonistaren presentzia nabarmenari kontrako pisua eginez”. Euskal Aktoreen Batasunak emandako interpretazio onenaren saria, bestalde, Silvana Mihai aktorearentzat izan da. Bogdan Theodor Olteanu zuzendariaren Câteva conversa?ii despre o fat? foarte înalt? pelikulan egindako lana goraipatu diote, “bere gozotasun, jakin-min, pikardia eta supernaturaltasunarekin pantaila zeharkatzen duelako”. Lehenengoz zinemagintza errumaniarrean bi neska lesbiana izan dira protagonistak. Istorioa ez ezik, filmatzeko modua ere erakargarria da, lanaren muina bien arteko online bidezko bideoelkarrizketak baitira.
Alexandre Moratto zuzendariaren Sócrates film brasildarrak FIK epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, “pelikula bikaina delako eta elementu filmiko guztiak egoki lantzen dituelako”. DOK sailean Nicole Costa txiletarraren El viaje de Monalisa izan da film onenaren errekonozimendua jaso duena, “ikuslea gau basati eta ederretan barrena murgiltzen” duen lana. Narratiba berriei tokia uzten dion KRAK ataleko irabazlea, aldiz, Jessie Jeffrey Dunn Rovinelliren So Pretty izan da: “Formaren eta edukiaren arteko koherentziagatik, eta konbentzio heteropatriarkalei aurre egiten dien gazte talde baten istorioa kontatzeagatik. Jessie Jeffrey Dunn Rovinellik zainketen, maitasunaren eta nortasun ez binarioaren politika berri bat pantailara eramatea lortzen du, eta horrek So Pretty gaur egungo eta beharrezko film bihurtzen du”.
Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria Jordan Goldnadelen Chechnya film laburrak hartu du, eta epaimahaiak aipamen berezia egin dio ere Indianara dokumentalari, “kalean dauden trans pertsonen borroka eta fundamentalismo guztiei aurre egiten dieten ekintzaileak” gogoratuz. Epaimahai Seniorraren Saria Rani film laburrak lortu du, eta aipamen berezia ere egin diote Jenifer Malmqvisten Min Värld I Din lanari; Gazte Epaimahaiaren Saria, aldiz, “lengoaia transgresore baten bidez Georgiako trans pertsonek bizi duten errealitate gordina” salatzen duen Rati Tsiteladzeren Prisoner of Society film laburrari eman diote. Aipamen berezia eman diote Tiago Minamisawa, Bruno H. Castro eta Guto BR zinegileen Sangro film laburrari, GIBarekin bizi diren pertsonen serofobia eta estigmatizazioa salatzen duelako.
Palmaresa Bilboko Udaleko Berdintasun Arloak babestutako Lesbianismo eta Generoaren Sariak osatu du: KC Cory zuzendariaren Bodies like oceans film laburrak irabazi du.