Donostia Zinemaldiaren 67. edizioan estreinatu eta gero, Bilboko Zinegoak jaialdian aurkeztuko du egunotan Glittering Misfits (2019) filma Iban del Campo zinemagile eta irakasle arrasatearrak. ZINEAn luze eta zabal hitz egin dugu berarekin filmaz, kontakizunaren muinaz, ertzeko zinema egitearen aukera eta mugez, jorratutako bideaz…

Dirty Martini eta Tigger! dira Glittering Misfits dokumentaleko protagonistak, baina aurretik ere haiei buruzko film labur bana eginak dituzu. Nondik datorkizu mundu ezkutu hau erretratatzearen asmoa? Nola egin zenuen pertsonaiekin topo?

Aspaldi hasitako abentura baten ondorioa da filma. New Yorken nengoen orain dela hamar urte dokumentalgintzari buruzko tailer batean parte hartzen, eta film labur bat egiteko eskatu zidaten. Gai bila nenbilela Dirty Martini ezagutu nuen kasualitatez eta kuriositatea piztu zitzaidan ezkutuko giro underground horren atzean egon zitekeenaz. Hiriak gugan duen indarra aztertu nahi nuen, kulturalki gizarte modernoan zer nolako garrantzia duen, eta gaiari tiraka kamera hartu eta mundu hori deskubritzeari ekin nion. Hilabete inguru eman nuen Dirty Martini eta berari esker ezagutu nuen Tigger! grabatzen. Bildu nuen materiala horrenbestekoa izan zen film laburra labur geratu zitzaidala. Dirty Martini (2009) eraiki nuen, baina etorkizunean proiektuari jarraipena emateko asmoz. Kimuak programan aukeratu zuten eta harrera ona izan zuen. Urte batzuk beranduago berriz hasi nintzen materiala arakatzen eta konturatu nintzen Tigger!-i buruzko material oso ona neukala; bigarren lana jaio zen berehala, Tigger! (2016).

Zergatik erabaki duzu hamar urte igaro eta gero pertsonaiak berreskuratzea? Film laburretan erabilitako irudiak berrerabili dituzu edo New Yorkera itzuli zara?

Pertsona hauen mundua oso aberatsa zela ikusi nuen New Yorken egon nintzen lehen etapa hartan, eta pertsonaiek bazutela bere publikoa. Horri gehitu behar zaio Donald Trump AEBetako presidente izendatu zutela eta gizartea aztoratu egin zela. Mugimendu sozialak indartu egin ziren herrialdean eta burlesque artista familia honetako kideak ere esnatu egin ziren. Beraien ikuskizunetan inkorporatu zituzten politika kontserbadoreei egindako kritikak, salaketak eta aldarrikapenak. Tigger!, adibidez,  LGTBI kolektiboaren defentsan lan izugarria egiten ari da. Egoera horrek nire interesa piztu zuen eta New Yorkera itzultzea erabaki nuen, lehenagotik grabatuta neukana borobiltzeko, buruan neukan film luzea behingoz egiteko. Gainera, suertatu zen nik artista hauek ezagutu nituenean nazioarteko erreferente bilakatzen hasiak zirela zirkuitu underground horren barruan. Mundu osoko burlesque jaialdietatik gonbidatzen dituzte gaur egun kartel-buru bezala.

Filmatze prozesuan bakarrik egon izanak zer nolako askatasuna eman dizu erretratatzen ari zaren mundu horretan barneratzeko?

Zinema arte kolektiboa da, baina kasu askotan modu autonomoan lan egiteak posible egiten du zinema mota hau sortzea, Glittering Misfits bezalako dokumentalak zuzentzea. Bakarrik bidaiatzea bezala da. Iritsi ahala toki ezberdinetara joateko aukera duzu, baina norbaitekin bazoaz baldintzatuta senti zaitezke eta negoziatu egin behar duzu. Zineman ere berdin. Oso modu inkontzientean, naturalean, egin dut prozesu guztia. Filmatu ahala joan naiz burlesquearen mundua ezagutzen, hau da, filmatzen nuen bitartean pelikula bat eraikitzeko materiala neukala konturatu nintzen. Proiektu honen gakoetako bat mundu hori hain gertutik, intimitatetik, erakustea izan da, eta ezinezkoa zitekeen Dirty Martini eta Tigger!-en laguntzarik gabe. Dirty Martinirekin lehenengoz topo egin nuenean nire asmoa zein zen azaltzeko bildu ginen, zer eta nola filmatu nahi nuen argitzeko. Nigan konfiantza izan zuen eta ateak ireki zizkidan, bakcstage-a, beraien bizitza pertsonala, artista bizimodua, show-etara sartzeko bermea izan nuen… mundu horrek barrutik nola funtzionatzen duen ezagutzea ezinezkoa da beraien babesik edo onarpenik gabe. Tigger!-ez gain, beste artista askoren berri ere izan nuen, eta denek zuten zerbait interesgarria kontatzeko. Azkenean beraien familiako kide berri bat bilakatu nintzen.

Pertsonaia bakoitza unibertso propio bat da, gaur egungo gizarte modernotik aldentzen direla dirudi…

Atmosfera berezi bat dute pertsonaiek, gaur egun, vintage moduan irudikatzen duguna. Federico Felliniren pelikulen eta estetikaren tankera hartzen nien nik, bertatik ateratako pertsonaiak dirudite. Garaia ere antzekoa da egia esan, izan ere, mundu honetan murgilduta daudenek asko edaten duten 50eko hamarkadako estetikatik, kabaret, nigh club eta era horretako giroetatik. Fikziozko pertsonaiak dira bai Dirty Martini baita Tigger! ere. Nire lana dokumental gisa aurkezten dute zinema jaialdietan, nahiz eta gaur egun fikzioaren eta dokumentalaren arteko muga hori ez dagoen oso argi, baina beraiek fikziozkoak dira, fellinianoak. AEBetan bigger than life moduan definitzen dituzte.

Lan errebeldea da, ildo komertzialetatik ihes egiten duena. Zergatik erabaki duzu estetika gordin hori erabiltzea?

Erretratatu dudan munduak berak eman didana izan da. 4:3 formatua duten miniDV kamerak edota zinta digitalak erabili ditut burlesquearen mundua filmatzeko, momentu hartan eskuartean izan nituen kamerak hain zuzen ere. Kasualitatea izan da, inkontzienteki hartutako erabakia, gerora jakin baituen Jonas Mekas zinema independentearen eta zinema underground-aren aita denak kamara horrekin grabatu zituela ere bere azken filmak. Kasualitatea izan da, baina konturatu naiz hori zela modu bakarra edo aproposa nire pelikula lantzeko. Gainera, pelikula bukatzen ari nintzela Mekas ezagutzeko aukera izan nuen, hil aurretik, bere pelikulak proiektatu zituen erakusketa batean. Zinegileari egozten zaion esaldi famatu bat neure egitea erabaki nuen, Glittering Misfits lana ezin hobeto laburbiltzen duena: “Gaur egun behar dira pelikula perfektu gutxiago eta pelikula aske gehiago”.

Filmaren muina erretratatzen dituzun artisten ikuskizunak dira. Beraien bizimodua erretratatzeko eta beraien aldarrikapenei ahotsa emateko aurkitu duzun modua beraien lana bera erakustea izan da?

Show-ak dira beraiek munduari egiten dioten ekarpena. Gauero oso pertsonalak diren ikuskizunak egiten dituzte, eta batzuk 15 urte baino gehiago daramatzate hauek egiten. Bisualki oso aberatsak dira, izan ere, dena dago nahastuta: performancea, antzerkia, musika, koreografia, dantza… Pilula oso kontzentratuak dira, zuzenean ikusteko sortuak. Baina nik ikusi dut pantailan ere indarra transmititzen dutela, izan ere, beraien energia guztia kontzentratzen dute show horietan. Erronka bat izan zen niretzat, nola kontatu? Oso konplikatua izan da. Oso modu gordinean jaso nahi izan ditut ikuskizunak filmean, direct cinéma estiloko zinemagileek egiten zuten bezala.

Fisikoki agertzen ez bazara ere, Dirty Martini eta Tigger!-ekin hitz egiten entzuten zaizu filmean. Zer dela eta?

Frederick Wiseman zuzendari estatubatuarrak, adibidez, sortzailea ikusezin bihurtzen zuen bere lanetan, hau da, kamera ezkutu batekin grabatzen zurela zirudien. Baina nik nire presentzia ere aldarrikatu nahi zian dut egile bezala. Kameraren atzean nor zegoen erakutsi nahi izan dut. Aukerak dira. Iruditu zitzaidan pertsonaiekin nuen harremana ere erakustea, istorioa kontatzen dagoena nor den identifikatzea eta sortze prozesuan gertatzen diren gorabeherak bere horretan uztea. Nolabait esatearren, pelikularen beraren making off-a ere bada filma. Adibidez, pasarte deigarri bat Tigger! eta ni Balenciagari buruz hizketan ari gareneko hori da. Modari buruzko liburu asko dituzte Tigger!-ek lan egiten duen liburutegian, burlesquearen edota kabaretaren historia… Horiek begiratzen geundela Balenciagari buruzko bat ikusi nuen eta pasartea filmatu genuen. Balio izan zidan ni nor nintzen, nondik natorren identifikatzeko ere.

Biluziak nonahi agertzen dira filmean. Arazorik suposatu al dizu zure lana zenbait zirkuitutan hedatzeko orduan?

Nik erretratatu ditudan artista hauen borroketako bat biluziak erabiliz zentzura, injustiziak, erlijioa, politika kontserbadoreak… denuntziatzea da. Tabu horien guztien kontra daude. Gorputz eta estetika aldetik edertasun kanonak hankaz gora jartzen dituzte. Kritikatu beharrekoak modu oso zuzenean, gordinean, kritikatzen dituzte. Eta leku batzuetan ez da interesatzen hauei ahotsa ematea, sare sozialetan ere arazo asko dituzte. Imajinatzen dut zirkuitu batzuetan beraiei ahotsa ematen dien pelikula batek arazo berdinak aurkitu ditzakeela. Ez ditut orain arte asko nabaritu, baina adibidez, telebista batzuekin hitz egin dut eta japoniarrei asko interesatzen zitzaien gaia baina… noski, ikusi zutenean biluziak agertzen zirela izutu egin ziren. Gorputz biluziek oraindik jarraitzen dute izaten arazo bat jende askorentzako, harrigarria da, baina horrela da.

Donostia Zinemaldian estreinatu zenuen filma eta Irizar sariaren epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Garrantzitsua izan al da errekonozimendua banatzaileak aurkitzeko?

Nire lana dokumental bat da, eta orain ere zinema dokumentalaren inguruan aurreiritzi asko daude. Dirua ematen ez duela da horietako bat. Horregatik, dirua nahi duen jendeak erreparoak izan ditzake era honetako filmak babesteko, nahiz eta azken urteetan ikusi den fikzio komertzialetik haratago dauden ekoizpenak publiko zabal bati ere interesatzen dion. Baina zinemaren industria betidanik oso kontserbadorea izan da, eta dirua ez dagoen tokietan helburu komertzialik gabe egindako filmek zailtasunak dituzte sare komertzialetan sartzeko. Oso basikoa den zerbait da. Hala ere, inoiz ez dakizu zein pelikulak funtzionatuko duen hurrengo urtean, nahiz eta jende askok pentsatzen duen badakiela edo jakin daitekeela zer dagoen tendentzian edo zer ez. Badago gidoilari famatu batek idatzitako liburu bat non irakur daitekeen zinemaren mundu honetan dakigun gauza bakarra ezer ez dakigula dela, zerk funtzionatuko duen eta zergatik. Banatzaileek pentsatzen dute biluziak dituen dokumental batek, oso gordina denak, eta gaur egungo tendentziatik kanpo egindakoa denak ezin dela bide komertzialik egin. Baina, diot nik, 4K kamerekin zertarako filmatu gero proiektatu ezin badaiteke?

Ertzetako zinema babesten duten Filmin bezalako plataformekin harremanik izan al duzu zure dokumentala beraien katalogoetan eduki dezaten?

Asmoa daukat, bai, baina lehenengo jaialdietan eta zineklubetan erakutsi nahi dut lana. Zinekluben zirkuituarekin ez nuen kontatzen, baina Donostia Zinemaldian aurkeztu ostean eskaerak heldu zitzaizkidan eta ari zaizkit pixkanaka-pixkanaka saioak agertzen. Espero dut areto komertzialetan ere horretarako aukera izatea, eta  streaming zerbitzuekin negoziaketak gero etorriko dira.