Martxoaren 25etik 27ra ospatuko dute 2020ko Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdia, eta hasi dira jada edizio berriaren ezaugarriak aletzen. Aurreko edizioetan bezala, Sail Ofizialean lehiatuko diren hamar proiektu onenak hautatu dituzte.

Urtez urte, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasle talde batek antolatzen du fakultateko film laburren jaialdi ezaguna. Hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta laugarren mailako ikaslek osatutako antolakuntza lan-taldearen esku egongo da, Iban del Campo irakaslearen gidaritzapean.

Pepita (Iñaki Tena), Un coche cualquiera (David P. Sañudo), Anti (Josu Martinez), Amargo era el postre (Diego H. Kataryniuk), Mateoren ama (Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga), El infierno (Raul de la Fuente), Kresala (June Laka), El fin de todas las cosas (Norma Vila), Regina (Lander Ibarretxe) eta Ura sartu zen barrura (Peru Galbete) lanak izan dira HUHEZINEMA 2020ko Sail Ofizialeko hamar film hautatuak.

Automatikoki, 200 euroko saria jasoko dute parte hartze hutsagatik, eta beste hainbat sari lortzeko aukera izango dute ere (ikusi hemen zein diren).  Martxoaren 25etik 27ra ospatuko dute XII. Edizioa, eta “zinema maite duten guztiak” gonbidatu dituzte parte hartzera.