Nago hau leitzera heldu bazara postari jarri dioten izenburuagatik dela. Bai, badakit.

Eta Bai, Parasites (2019) izan da aurtengo izarra Oscar sarietan.

Eta bai, lehendabiziko aldiz atzerriko film batek irabazi du film onenari saria.

Eta bai, nahiz eta apenas izan duen oihartzunik, menstruazioaren inguruko  Period. End of Sentence (2019) film labur dokumentalak irabazi du Oscarra.

 

“Ez dut negar egiten hilerokoarekin nagoelako…ezin dut sinetsi menstruazioaren inguruko film batek Oscar saria irabazi izanak”. Esan zuen Rayka Zehtabchik Dolby antzokian urre koloreko gizona eskuan.

 

New Delhitik  60 kilometrora dagoen Harpur barrutian kokatuta dago Period. End of Sentence (2019). Baina aitzinera jarraitu aurretik, kokatu gaitezen: Tabua da hilerokoa Indian ere. Dokumentalean erraz antzemanten da hori: emakumeek lotsatuta beherantz begiratzen dute mentruazioaz galdetuta. Aldiz, gaixotasuna dela uste dute gizon aunitzek, eta nola ez hori pentsatu, kontutan hartuta nesken herenak eskola uzten duela hileroko egunetan… Hilerokoarekin ezin dute errezatu, ‘zikinak’ daudelako tenpluetarako sarrera debekatzen zaie… eta azken datu bat, soilik %12k du aukera konpresak erabiltzeko.

Hel diezaiogun azken datu horri aitzinera egiteko. Konpresak erabiltzeko aukerarik ez eta gehienek zapi modukoak erabiltzen dituzte, batere praktikoak, oso maiz aldatu behar direlako. The pad project ekimenari esker, konpresak egiteko makina bat heldu da Harpur barrutira. Herriko emakumeak elkartu eta dohaintzan jasotako makina horri esker hasiko dira  konpresak ekoizten eta saltzen:  merkeagoak, hobeak eta, batez ere, funzionalak. Eta horrek guztiak aldaketa ekarriko du.

Eta bai,  Period. End of Sentence (2019) 20 minutuko bidaia bat da: patriarkatuak sortutako tabuetatik  emakumearen ahalduntzera, ‘Fly’ konpresei esker.