Bukatu da dagoeneko urtero-urtero zinemazaleak asaldatzen dituen sari-banaketa ekitaldien denboraldia, eta ohiko jarioari jarraiki, hemen da ziklo berriaren hasiera. Egunotan bere jardunean bete-betean dagoen Berlineko zinema jaialdia da A kategoriako zirkuituari hasiera ematen diona, eta irailean Donostia Zinemaldiarekin batera bukatu arte, nazioarteko ekoizpen garrantzitsuenei buruzko lehen iritziak ezagutzen joango gara pixkanaka-pixkanaka.
Laster hasiko dira zinema kritikariak eta kazetariak 2020ko maisulanei buruz hitz egiten. Publizitate eta marketing kanpaina eraginkorren txanda iritsiko da segidan, eta hurrengo urteko urtarriletik otsailera bitartean itzuliko dira nazioarteko akademietako errekonozimendu galak. Guztien buru, nola ez, denon ahotan egon ohi den Oscar sariena. Aztertzeko moduko auzia litzateke nolako eragina izaten duen hitzorduak gugan, nola itsutzen gaituen, eta nola nazioarteko film onenei buruz hitz egitean estatuatxoren bat lortzeko aukerarik duen eztabaidatzen dugun.
Bong Joon-Ho hegokorearraren Parasite filmaren kasu entzutetsuari buruz asko idatzi da iragan denboraldian. Kiniela guztietan azaltzen zen eta ezustekorik ezean, lehenengoz ingelesa ez den hizkuntza batean filmatutako pelikula batek gaueko sari nagusia eramango zuela amesten zuten askok. Azkenean, Hollywoodeko Akademiak lau sari nagusi eman zizkion. Baina, zer egon liteke Donald Trump bera ere aztoratu duen erabakiaren atzean? Industria zinematografiko estatubatuarren gaua da teorian Oscar sariena, Goya sariena espainiarrena eta Cesar sariena frantziarrena den moduan. Hollywoodek, baina, ez Espainiak ezta Frantziak ere ez duten botere sorgintzaile bat du.
Etorkizun eszeptikoa
Ekoizleak Los Angeleseko parajeetan egonkortu zirenetik atzerrira begiratu dute, eta mundu gerrek eragindako sarraskietatik ihesi babesa eskaini zien hainbat eta hainbat zinegile europarrei. Kontinente zaharreko sortzaileek Kaliforniara emigratu zutenean beraienak izan ziren garai klasikoko lan esanguratsuenak, ingelesaz besteko ekoizpenak saritzeko kategoria propioa sortu zuten gero, ikusmira zabaldu eta kultura anglosaxoiaren parte ez ziren zinemagintzei zenbait keinu txiki egin, eta errekonozimendu nagusia jasotzeko hautagaien artean ere tartetxoa egiten hasi ziren.
11 dira historian zehar Oscar sarietan pelikula onenaren saria eskuratzeko aukera izan duten ingelesaz besteko filmak, baina Parasite agertu arte akademikoek ez dute behin ere pauso hori eman. Hurbil zitekeen anomalia bitxi bat bada ordea, 2012ko The Artist film frantziarrarena, Hollywoodeko zinema mutuari egindako omenaldiarena. Sei dira, aldiz, bi kategorietan aldi berean hautagaien zerrendan sartu dituztenak, baina kasu guztietan ingelesa ez den hizkuntza batean filmatutako ekoizpenentzako sortutako atalean bakarrik suertatu dira garaile: Z (Frantzia, 1969), La vita è bella (Italia, 1998) Crouching Tiger, Hidden Dragon (Taiwan, 2000), Amour (Frantzia, Alemania eta Austria, 2012) eta Roma (Mexiko, 2017).
Parasite-k biak lortu ditu, eta filmaren arrakastak (zinema aretoetan izan duen ikus-entzule kopurua eta lortutako milioi puska dira adierazle) egora berri baten aurrean jarri gaitu. Batetik, Hollywooden baztertuta izan duten zinema asiarrari gorazarre egiten dio, eta behingoz zinemagintza hori ezagutzeko bidea ireki du. Bestetik, AEBetan azpidatzitako pelikulei dieten alergia sendatzeko lehen pauso garrantzitsua bat ere izan daitekeela dirudi. Gogoratu Bong Joon-Hok Urrezko Globoetan ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onenaren saria jasotzera taula-gainera igo zenean egin zituen adierazpenak: “Azpidatzien langa gainditzean pelikula zoragarriak aurkituko dituzue”.
Goizegi izango da oraindik, baina ikusteke dago etorkizunean Parasite saritzeak zein ondorio izango duen nazioarteko zinemagintzan, eta batez ere, Hego Korean. Kukuak nondik jo dezakeen argi ez badago ere, jarraian historikoki Hollywoodek izan duen jarrera bikoitzaren adibide bana:
- Azken hamarkadetan Mexikoko ekoizpena bereganatu egin du. Iaz Alfonso Cuaronen Roma (2019) filmak lehen aldiz herrialde latinoamerikar horrentzat ingelesaz besteko film onenaren saria eskuratu zuenean jo zuen goia esku-sartzeak. Cuaroni berari bigarrenez eman zioten zuzendari onenaren Oscar saria (argazki onenarenaz gain) -aurretik Gravity (2014) lanagatik ere jasoa zuen-, eta Guillermo del Torok ere bi dauzka: The Shape of Water (2917) pelikula zuzentzeagatik bata, eta lanaren ekoizlea izateagatik film onenarena bestea. Alejandro Gonzalez Iñarritu ere sakukada Oscar sarirekin itzuli zen sorterrira 2015ean. Birdman-en egindako lanagatik hiru lortu zituen (pelikula onenarena, zuzendari onenarena eta jatorrizko gidoi onenarena), eta beste bat The Revenant (2016) zuzentzeagatik. Emmanuel Lubezki argazki zuzendariak ere hiru ditu, errenkadan lortutakoak gainera (Gravity, Birdman eta The Revenant). Aipatzekoa da kasu guztietan Hollywooden baitan (edo baldintza industrialetan) egindako ekoizpenak direla.
- Italiar zinemagintzaren nortasuna errespetatu eta aintzatetsi egin du industria estatubatuarrak. Ingelesaz besteko lehen pelikula saritua –kategoria bera sortu aurrekoa- Vittorio De Sicak zuzendutako Sciuscià (1946) izan zen. Gerora De Sicarenak ere diren Ladri di biciclette (1948), Ieri, Oggi, Domani (1963) eta Il giardino dei finzi contini (1970) filmei emandakoak, Federico Felliniren lau Oscar sariak -La strada (1956), Le notti di Cabiria (1957), Otto e mezzo (1963) eta Amarcord (1973)-, Elio Petriren Indagino su un cittadino al di sopra di ogni sospetto (1970), Giuseppe Tornatoreren Nuovo Cinema Paradiso (1988), Gabriele Salvatoresen Mediterraneo (1990) lanek jasotakoak, Roberto Benigniren La vita è bella (1997) pelikularen hiru sariak –ingelesa ez den hizkuntzako interpretazio batengatik estatuatxoa irabazten lehenengoa izan zen Benigni- eta Paolo Sorrentinoren La grande belleza (2013) ekoizpenak irabazitakoa ezagutu ditugu. Denak ere, kontinente zaharrean loratuak.
Erdibidean kokatzen da Parasite. Izan ere, Hong Sang-soo, Lee Chang-dong, Park Chang-wook edota Na Hong-jin zinegile herrikideek beraien zinemagintza errotzeko erabilitako kode identitario eta kulturalak ez dira horren agerikoak, nahiz eta Hego Koreako klaseen arteko banaketa salatu eta kapitalismo gordinari kritika zorrotza egin. Arazorik gabe izan zitekeen AEBetan edo munduko ia edozein tokitan kokatutako istorio bat. Bong Joon-Horen lehen film periferikoetatik (Barking Dogs Never Bite, 2000; Memories of Murder, 2003; The Host, 2003; Mother, 2009) urrundu egiten da sortzailearen azken lana, eta Hollywooden esferan ekoiztutako Snowpiercer (2913) zein (Okja, 2014) ditu bidelagun, nahiz eta Parasite-ren ekoizpena guztiz hegokorearra izan.
Ez dago zalantzarik 2019ko pelikularik erakargarriena dela, baina hura saritzearen erabakiak baieztatu egin du munduko zinemagintzaren epaile bilakatu direla Oscar sariak, nazioarterako (batez ere AEBetarako) banaketa zein marketing estrategia landu bat dutenenak behintzat. Merkatu tradizionala da Hollywoodekoa, arriskatzaek ekar dezakeen diru galeraren beldurrez aurrerapausoak beranduegi ematen dituena. Industria egonkortuaren baitatik atera ez den film bati eman diote aurten lehenengoz film onenaren saria. Historia egin du, baina historia egitearen atzean bada errelato bat, interes monetarioek baldintzatutakoa.
Diruak mugitzen du mundua, eta jakina da diruak ez duela aberririk. Dirurik ezean, esfera anglosaxoitik kanpo dauden filmek ez dute AEBetara iristeko aukerarik banatzaile ausarten bat agertzen ez bada. Parasite da horren lekuko. Oso adierazgarria da IndieWire webgunean Tom Quinn filmaren banatzaileari egin dioten elkarrizketa, izan ere, neurri handi batean arrakastaren erantzule nagusietako bat berak aurrera eramandako marketing estrategia izan omen da, filmaren aurre-produkziotik kudeatuta egon dena. Estrategia horrek filma derrigorrez ikusi beharreko bilakatu du, Hego Korean entretenimenduzko zinema erakargarria egiten ere badakitela ondo saldu digute, eta orain, gainera, Bong Joon-hok The Hollywood Reporter aldizkariari aitortu bezala, HBO etxearekin elkarlanean Parasite filmean oinarritutako telesaila prestatzen omen dagoela jakin berri dugu. Industria anglosaxoiak atzerritik datorren produktu bat bereganatzearen indar ikaragarriaren beste erakustaldi izan bat.
Zer ari zaigu Hollywood esaten? Edo, zer ari zaie Hollywood gutxietsita sentitu daitezkeen herrialdeetako zinemagintzei esaten? “Egizue Parasite bezalako film bat, eta ongi-etorriak izango zarete gurean. Hollywood da zinemagintzaren erreinua”. Orain arte kontrolatu ez duen merkatuetan hazia landatzeko pauso da, eta kezkatzekoa izan daiteke. AEBetan miretsia izateak mundu osoan miretsia izatea suposatzen du, eta zinegile zein ekoizleak tentatuta sentituz gero kultura dominantearen menpe gera daiteke egingo den zinemaren lagin handi bat. Kontsumitzen dugun uztaren buru izaten jarraitzen duen heinean, zinema komertzial akademiko estatubatuarrak iritzi-publikoaren monopolioari eusten dio nolabait, eta ondorioz, Oscar sariek gehiegizko eragina zein oihartzuna dute komunikabide, herritar zein zinema jaialdietan (Veneziako Mostra kasu). Izutzekoa da zein fanatismo-mailarekin begiratzen dugun etengabe Los Angeleseko Dolby Theatre antzokira, eta izutzekoa da siria nola sartzen diguten onartzea, beste behin.