Gaur ostirala, otsailaren 28a, Palabras de Caramelo obra izango da ikusgai Getxoko Romo Kultur Etxean. Juan Antonio Morenok zuzendu du, eta mutiko gor baten inguruko kontakizuna denez, elkarrizketarik gabeko filma da.

Getxoko Udalak eta ATFAL elkarteak, Euskal Fondoaren eta Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkaritzaren laguntzarekin antolatutako emanaldia da, eta gaiaren bereiztasuna dela eta, Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko bi kide bertaratuko dira.

Filma  Gonzalo Moure idazle valentziarraren izen bereko liburuan dago oinarrituta. Istorioaren protagonista Kori izeneko mutiko gor bat da, eta Saharako errefuxiatu kanpamendu batean bizi da. Bere helburua idazten ikastea izango da, laguna duen Caramelo izeneko gamelua ulertu ahal izateko, inkomunikazioa gainditzeko eta heziketarako eskubidea aldarrikatzeko.

Filma proiektatzearekin batera, Getxoko Udalak Saharako bandera jarriko du udaletxean. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldarrikapenaren urteurrena ospatzeko ipini ohi dute urtero, eta hainbat ekitaldi antolatzen dituzte efemeridearen baitan.

Bada, Palabras de Caramelo filma, Getxoko Romo Kultur Etxean proiektatuko dute, 19:00etatik aurrera. Emanaldirako sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.