Igor Legarretak hasi ditu Ilargi guztiak. Todas las lunas bere bigarren film luzearen filmaketa-lanak. Euskaraz errodatutako fantasiazko lana izango da, eta Itziar Ituño zein Josean Bengoetxea izango ditu protagonista. Filmaren zuzendariak adierazi bezala, “pelikula argitasunera egindako bidaia epikoa da”.

Legarreta Ikus-entzunezkoetan lizentziatua da, Euskal Herriko Uinertsitatean. Hainbat film laburren egilea da, betseak betse, El Trabajo (1998) zein El Gran Zambini (2005), eta  Urban Myths Chillers (2002) telesaileko Lost eta Room 301 atalak zuzendu ditu; gidoilari ere aritu da zenbait ekoizpenetan. Bere lehen film luzea Cuando dejes de quererme (2017) izan zen, eta filmatzen hasi berri den lan berria azken gerra karlistaren estertoreetan kokatu du. Umezurztegi batetik neskato bat erreskatatuko du basoan bizi den emakume misteriotsu batek. Zaurituta, eta heriotzaren atarian dagoela sentituz, neskatoak uste izango du bere bila etorri den aingeru bat ikusi duela. Laster konturatuko da ordea, izaki bitxi horrek bizitza eman diola bere lagunaren truke.

Otsailaren 17an ekin zion Ilargi guztiak. Todas las lunas filmeko lan-taldeak Mutrikun lehen irudiak hartzeari, eta sei astez egongo dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan zereginean. Jon Sagalárekin batera idatzi du Legarretak istorioa, eta Itziar Ituño zein Josean Bengoetxea izango dira protagonistak. Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz aktoreek ere parte hartuko dute.

Euskal industria zinematografikoan ibilbide luzea duten profesionalek osatzen dute talde teknikoa, izan ere, besteak beste, Laurent Dufreche muntatzailea, Mikel Serrano arte zuzendaria, Pascal Gaigne musika konpositorea, Imanol Nabea argazki zuzendaria ditu Legarretak aldamenean.

Filma Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Films-ek ekoiztu dute, Noodles Production ekoiztetxe frantziarrarekin elkarlanean. EiTBren eta RTVEren babesa du proiektuak, baita ICAA, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere. Filmax etxea arduratuko da banaketaz.