Azkenaldian euskarazko beldurrezko zinema indarrez hazten ari da eta dudarik gabe, Paul Urkijoren Errementari (2017) film arrakastatsua da hazkunde honen eragile eta gidari. Zentzu horretan, Urkijoren lanak euskarazko beldurrak hurrengo urteetan izan dezakeen bilakaeraren inguruan haurnasketa egiteko balio du, eta etorkizunean euskal izua lantzeko hainbat giltzarri eskaintzen ditu.

Hasteko, bere testuingurua. Errementari filmari esker, euskal mitologia eta fantasiazko kontaketak testuinguru arras aberatsa direla argi eta garbi gelditu da. Kontakizun hauek edozein garai historiko eta ingurunetara eraman daitezke, benetan moldagarriak baitira. Eta honekin lotuta, Euskal Herriko paisaiek identitate bereizia ematen diote generoari. Gure natura eta arkitektura kokaleku ezin hobeak dira istorio misteriotsuetarako.

Errementari filmak ere, inspirazio iturri ezberdinen nahasketak ekar dezakeen aberastasuna jarri du agerian. Pelikulan, laurogei hamarkadako fantasiazko filmeen eragina dago, baita Sam Raimiren espiritua, eta baita ere Antikristoaren narratiba. Eta nola ez, euskara erabiltzeak, atzerritik ikusita, sonoritate bereizia eta magikoa ematen dio istorioari. Giltzarri hauek guztiak landuz, euskarazko izuak estilo berezia eta narratiba propioa lor ditzake, genero barruan zigilu bilakatuz. Aurreko hamarkadan, beldurrezko zinema frantsesak lortu zuen bezalaxe, frantziako extremismo berria izeneko zigiluarekin, eta À l’intérieur , Frontière[s), Martyrs, Haute tentsio filmeekin, besteak beste.

Eta prozesu hori gertatzen ari da dagoeneko. Hor dugu adibidez, Beñat Iturrioz y Xabier Padin-en Ataun of the dead trilogia, zonbiak euskal erara landuz. Edo duela gutxi abian jarri den lehen euskal slasher-aren egitasmoa, non Texas Chainsaw Massacre eta Friday the 13th filmeen estiloak, Euskal Herriko baserri giroarekin eta herri kirolekin nahasten diren. Eta hor dugu ere, Oihua! lehiaketa, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, Fomento San Sebastián-Gipuzkoa Film Commision eta Gazteak bultzatutako ekimena, euskarazko beldurrezko laburmetraia sortzeko helburuarekin sortu zena eta une hauetan, Larrotxene Bideo eskolan lantzen ari dena, Paul Urkijo beraren aholkularitzarekin.