Zineuskadi elkarteak Boonie Bears: Abentura historiaurrean haurrentzako filma estreinatuko du zinema aretoetan datorren ostiralean, otsailaren 28an. Zineuskadiren ‘Zinema Euskaraz’ programaren bidez 2020an euskaraz eskainiko duten bigarren filma da honakoa.

Zineuskadiren azken eskaintza Boonie Bears: Abentura historiaurrean da, haurrentzako edo familia guztiarentzako animaziozko pelikula.

Leon Ding zuzendari txinatarraren film honetan, Vick egurgilea eta hartzak iraganean harrapatuta geratuko dira, pizti erraldoi gosetiz inguratuta. Istorioko heroiak banandu egingo dira, eta Briar hartzak Fefei izeneko otso gazte batekin egingo du topo oihanaren erdian. Bramble eta Vick, berriz, gizakien tribu batek bahituko ditu, eta haien liderra zeharo maiteminduko da Vickerekin. Abentura zirraragarri honetan, berriro elkartzen eta etxera itzultzen saiatuko dira, iraganean betirako geratu baino lehen.

Boonie Bears: Abentura historiaurrean datorren ostiralean, otsailaren 28an, estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, eta euskaraz bikoiztuta.

Zinema euskaraz

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zineuskadiren bitartez kudeatutako programa arrakastatsua da Zinema Euskaraz, eta 2020an ere, EiTBrekin elkarlanean zinema komunikazio kulturalerako tresna gisa erabiltzen jarraitzeko asmoa dutela ikus dezakegu. Hala, aurten euskaratutako bigarren lana izango da Boonie Bears: Abentura historiaurrean (2019).