Ikuspuntu – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian Francis Alÿs, Tacita Dean eta Beatriz Santiago Muñoz zuzendariei eskainitako foku garaikideak ikusi ahal izango direla jakinarazi dute antolatzaileek. Mugimenduan dagoen irudia lantzen duten artisten lanak jasotzea da helburua.
Martxoaren 2tik 7ra egingo dute 2020ko Ikuspuntu jaialdia, eta 14. aldiz, ez-fikziozko filmen plaza izango da Iruñea. Urtero bezala, merkatu komertzialean aurkezten ez den zinema aldarrikatzeko foku garaikideak prestatu dituzte, eta Francis Alÿs Mexikon bizi den belgikarraren, Tacita Dean britainiarraren eta Beatriz Santiago Muñoz puertorricarraren lanak eskainiko dituzte.
Francis Alÿs Antewrp hirian (Belgika) jaio zen 1959an, eta arkitektura ikasketak burutu zituen. Mexikora joan zen bizitzera 1986an, eta bertan lan egiten du ordutik. Artea, arkitektura eta gizarte jarduera uztartzen ditu ekintza publikoen, instalazioen, performanceen, bideoen, margolanen eta marrazkien bitartez. Londresko Tate Modern museoan, New Yorkeko MoMa museoan eta Veneziako Biennialean erakutsi du bere lana. Batetik, Sandlines. The Story of History film luzea emango dute fokuan; bestetik, zuzendariaren film laburren aukeraketa bat: Reel-Unreel, The Silence of Ani, Children’s Games #10 / Papalote, Children’s Games #12 / Sillas eta Childrens’s Games #16 / Hopscotch.
Tacita Dean artista britainiarrak zinema erabiltzen du pinturek eta argazkiek erakutsi ezin dutena adierazteko. Sortzailearen arteak saihestu egiten du edozein ikuspuntu akademiko. Deanek zuzendutako His Picture in Little, Providence, Edwin Parker (Cy) eta Portraits film laburrak Nafarroako Filmotekan proiektatuko dituzte, 35mm-tan eta 16mm-tan.
Beatriz Santiago Mun?ozek aktore profesionalak ez direnekin lan egiteko joera du, eta inprobisazioa txertatzen du bere sorkuntza prozesuan. Mugimenduan dagoen irudiarekin egindako lana zapaldutakoen antzerkiarekin, etnografia esperimentalarekin eta pentsamendu feministarekin lotzen du. Gosila, Marché Salomon, Matrilla eta Oneiromancer film laburrak emango dituzte fokuan.
Informazio gehiago, hemen.