Bi euskal ekoizpenek ECAMen aurrera eramandako The Screen proiektuko La Incubadora programan parte hartuko dute. Madrilgo zinema eskolak jakinarazi berri duenez, bost lan hautatu dituzte aurtengo ediziorako, eta horien artean daude Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 especies de abejas eta Mintxo Díazek ekoiztutako Los quinquis filmak.
Espainiako estatuan bizi diren ekoizle, zuzendari edota gidoilari berriei film luzeak garatzeko aukera ematen dien programa da The Screen-en La Incubadora, aurten hirugarrenez gauzatuko dena. Egileen lehen, bigarren edo hirugarren sorkuntzak babesten ditu egitasmoak, eta bakoitzak 10.000 euroko laguntza jasoko dute.
Marisa Fernandez Armenteros (The Mediapro Studio), Sandra Tapia (Arcadia Motion Pictures) eta Alexis Reybet-Degat (Elle Driver) zinema industriako profesionalak izan dira edizio honetako ekoizpenak aukeratudituztenak. 200 proiektu aurkeztu ziren deialdira eta ondoko bostak izan dira hautatuak, tartean bi proiektu euskaldun:
- 2000 especies de abejas, Estibaliz Urresola Solaguren (Lara Izagirrek ekoiztua – Gariza Films).
- Los quinquis, Yago Herrero (Mintxo Díazek ekoiztua – Dynamite Films)
- Algo parecido a la felicidad, Álvaro Gago Díaz (Mireia Grael Vivancosek ekoiztua – Ringo Media eta Matriuska Producciones)
- Antier noche, Alberto Martín Menacho (Pedro Collantesek ekoiztua – Locomotion AG)
- La union, Cordelia Alegre (Patricia Franquesak ekoiztua (Gadea Films)
Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 especies de abejas lanak haur transexualen gaia izango du ardatz. Barneko bizitza nola ulertzen eta esperimentatzen dugun eta kanpoko munduarekin nola uztartzen dugun aztertuko du. Bi mundu horiek bereizten dituzten mugak eta maitasunaren izenean familiaren baitan gauzatzen diren indarkeriak ere jorratuko ditu.
Mintxo Díazek ekoiztutako eta Yayo Herrerok zuzendutako Los quinquis lana, aldiz, krimena oinarri duen drama bat izango da. Espainiar estatuko periferietako gaizkileen istorio errealak kontatuko ditu.
La Incubadoran parte hartuko duten sortzaileek hainbat aditu eta aholkularien formakuntza jasoko dute, besteak beste, Pablo Berger (zinema zuzendaria), Neus Ballús (zinema zuzendaria eta gidoilaria), Marisa Fernandez Armenteros (ekoizlea) eta Sandra Tapia (ekoizle exekutiboa) izango dituzte hirugarren edizioan aldamenean.
Informazio gehiago, hemen.