Maider Fernandez Iriarte zinegile donostiarra eta Jorge Moneo gasteiztarra Berlinale jaialdiaren 70. edizioaren baitan antolatu duten 18. Berlinale Talents programan parte hartzeko aukeratu dituzte. Otsailaren 22tik 27ra bitartean, nazioarteko sortzaileekin elkarlana eta kolaborazioa sustatzeko aukera izango dute. Euskal eragileen presentzia ere nabarmena izango da jaialdian zehar.

86 herrialdetako 250 talentu gazte batuko ditu aurten Berlinale Talents ekimenak, eta horien artean izango dira bi sortzaile euskaldun. Fernandez Iriarte eta Moneo zuzendariek sei eguneko egonaldia egingo dute Berlinale zinema jaialdian, eta bertan hitzaldietan, tailerretan eta networking jardunaldietan parte hartzeko aukera izango dute.

Gaur egun, 8500 gazte dira Berlinale Talents komunitatearen parte, eta programaren helburua nazioarteko kolaborazioak eta elkarlana sustatzea da. Arlo guztietako proposamenak dira ongietorriak (zinema bera, telesailak, antzerkia, eta industria), hala, aurtengo edizioan hautatu dituzten 225 sortzaileetatik 113 zinema zuzendariak dira, 50 ekoizleak, 15 aktoreak, 2 gidoilari daude, 16 argazki zuzendari, 14 muntatzaile, 12 ekoizpenaren diseinuaz arduratzen direnak, 10 banatzaile, 7 musika konpositore, 9 soinu teknikari eta 8 zinema kritikari. Gguztira, garatu bidean 40 proiektu dituzte eskuartean.

Fernandez Iriartek Donostia Zinemaldiko Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioan parte hartu zuen 2017an, eta bertan garatu zuen Las letras de Jordi / Jordi’s Letters proiektua, Jainkoak hitz egiteari utzi diolako kezkatuta dabilen 51 urteko Jordi Drassanesi buruzkoa. Iaz, New Directors sailean lehiatu zen filma jaialdi donostiarrean.

Moneo, bestalde, arte bisualetan eta ikus-entzunezko komunikabideetan aritu da azken urteetan lanean. Bere lanak hainbat kultur erakundeetan eta Europako zenbait zinema jaialditan erakutsi ditu. Gaur gaurkoz, Orbainak film laburra ari da aurkezten, eta BIdeOtik zikloaren baitan egongo da ikusgai Bilboko Azkuna Zentroan; Almanaka izeneko proiektu berria ere du eskuartean.

Euskal industriaren presentzia Berlinen

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Basque Audiovisualek stand bat izango du Cinema from Spain-ek Martin Gropius Bau-n izango duen gunean. Bisitarientzat eskuragarri jarriko ditu euskal plataformak bere katalogoa, eta koktel bat eskainiko dute jaialdien programatzaileekin, salmenta-agenteekin, nazioarteko banatzaileekin eta beste ekoizle batzuekin. Otsailaren 23an (igandea) izango da hitzordua, Berlingo Gat Poin Charlie Hotelean. Euskal eragileen presentzia ere nabarmena izango da jaialdian zehar.

Basque Audiovisualen stand-ean egongo diren euskal zinemagintza enpresak honakoak dira: Amania Films, Arena Comunicación, Atera Films, Banatu Filmak, Berlineko Euskal Etxea, Doxa Producciones, Dynamite Films, Euskadi Movie AIE, Gariza Films, Ikusgarri Films, Irusoin, Izar Films, Kalakalab, Kowalski Films, Lamia Producciones, Pimpi&Nella, Sonora Films, Txintxua Films, Vitoria-Gasteiz Film Office, Zineuskadi, Zinegoak, Zinebi eta Zinetxiki.

Informazio gehiago, hemen.