2019ko otsailaren 18an zendu zen Juanmi Gutierrez, gaur urtebete. Efemeridearen harira, zinemagileak sortutako lanak bildu eta gogoratuko dituen webgune berezia aurkeztu du Zazpi Terdi ekoiztetxeak: “Gorputzak badoaz, baina ekintzak betirako dira”.

Zinemagintza dokumentalean aditua eta aritua. Errealitatearen alde gizatiarrena eta, tarteka, gordinena, azaldu zuten beti Gutierrezek sortutako lanek. Izan ere, giza eskubideen defendatzaile porrokatua izan zen. Euskal ikus-entzunezkoen mundua kolpatu zuen bere heriotzaren albisteak, eta galeraren aurrean omenaldi andana eskaini dizkiote. Ekimen guztik horiek borobilduko ditu sortzaileari eskainitako gordailu-digitalaren sorrerak.

Film laburrak – Cuentos de mayo (1998),  Cronica d´o 25 de Chunio (2005), Hiru kontakizun krudel (2006), Blues del asno (2008), Manuale di ornitologia (2010), eta Zuri (2011) – zein luzeak –besteak beste, Tabula rasa (2004), Bozes Lexanas (2005), Isiltasun kalea (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu mesedez! (2009), Musika Plaza (2010) eta Mur-mur (2012)- sortu zituen, horietatik gehienak dokumentalak. Pello Gutierrez semearekin aritu da lanean azken urteetan, Zazpi Terdi ekoiztetxearen txapelpean.

Zinema jaialdi ugaritan aurkeztu ditu bere lanak, nazioartean ere bai. Esaterako, bere pelikuletako hamar estreinatu zituen Donostia Zinemaldian, iragan edizioan horietariko azkena: Baúles/Kutxak (2018). Halaber, jaialdiko hautaketa batzordeko kide izan zen 1979an.

Zinegilearen obra ezagutzeko, ikusi https://juanmigutierrez.org/ .