Sail Ofizialeko FIK kategorian lehiatuko diren lanen berri eman du Zinegoak jaialdiak, besteak beste, Bolivia, Italia edo Eslovakiako ekoizpenak. Guztira, bederatzi izango dira saila elikatuko duten sorkuntzak, fikziozkoak, luzeak eta gai orotarikoak.

Genero eta sexu-aniztasunarekin lotuta lanak hartuko ditu, beste behin, Zinegoak jaialdiak. Otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean egingo dute 17. edizioa, eta hiru atal izango ditu:  FIK (fikzioa), DOK (dokumentala) eta KRAK (narratiba berriak). FIK sailean, fikziozko lanak dira protagonistak, gehienak nazioarteko jaialdietatik etorritakoak, eta zineman islatzea zailak diren gaiak jorratzen dituzte. Otsailaren 24tik martxoaren 8ra egingo dituzte emanaldiak, eta saio batzuk errepikatu egingo dira.

Heute der Morgen film alemaniarrak, esaterako, bisexualitatea eta lotura afektiboen eredu berrien gainean hausnarketa bat egiten du. Port Authority koprodukzio estatubatuar eta frantsesak, aldiz, maskulinitate ez hegemonikoa eta trans eta cis pertsonen arteko harremanak ditu oinarri. Beste hainbat gai jorratzen dituzten obrak ere egongo dira, besteak beste, emakumeen arteko maitasuna edo gizon homosexualek jasotzen duten bazterkeriaren ingurukoak.

Ondorengo hauek dira proiektatuko dituzten beste filmak:

  • Der Boden unter den Fußen. Austria.
  • Mamma+Mamma. Italia.
  • Margen de error. Argentina.
  • Nech je Svetlo. Eslovakia, Txekiar Errepublika.
  • Socrates. Brasil.
  • Tu me manques. Bolivia, AEB.
  • Portrait de la jeune fille en feu. Frantzia.

Sailaren inguruko informazio gehiago, hemen.