Laida Lertxundi, Alberto Gracia eta Maider Fernández zinemagileak dira 202ko X Films deialdirako profesional hautatuak. Bakoitzak bere proiektua aurkeztuko du epaimahaiaren aurrean, eta beren aurreko lanak izango dira ikusgai publikoari irekitako emanaldi batean.

Alberto Gracia, Laida Lertxundi eta Maider Fernández zinemagileak, X Films deialdirako profesional hautatuak.

Aurtengo edizioa berezia izango da, izan ere, Punto de Vista jaialdiaren parte den proiektu honen hamargarren urteurrena da. Bertan, 2010etik garaile izandako obrak izango dira ikusgai, zuzendari bakoitzak aurkeztuta, eta munduan zeharreko Cervantes Institutuaren egoitza desberdinetan jarriko dituzte urteko bigarren seihilekoan zehar. Aipatutako irabazle horien artean izango da Maddi Barber lakabearraren Gorria film laburra.

Hamargarren edizioko hautagaietako bat da Laida Lertxundi, artista, zinemagilea eta Elias Querejeta Zine Eskolako Sorkuntza saileko koordinatzailea. Bere lan gehienak gune intimo eta kanpoko paisaia handi irekietan murgiltzen dira, eta munduko hainbat jaialditan aurkeztu ditu. Horrez gain, erakusketa ugari antolatu ditu; 2019an, Landscape Plus izeneko liburua argitaratu zuen, eta bere obrak Londresko LUX konpainiak banatu ditu.

Alberto Gracia da aukeratutako beste sortzaileetako bat, hamabost urte baino gehiagoko ibilbidea duen profesionala. O Quinto Evanxeo de Gaspar Hauser izan zen bere lehen film luzea, super-16 mm formatuan grabatua, eta FIPRESCI saria eskuratu zuen 2013ko Rotterdameko jaialdian.

Maider Fernández Iriarte da hirugarren hautagaia. Donostiar zinemagile honek lotura estua du zinemarekin lotutako proiektu hezitzaile ugarirekin, besteak beste, Cinema en curs eta Drac Màgic ekimenekin. Bere obrak, munduko festibal ugaritan eta arte-gune hainbatetan eman dituzte, eta lehen film luzea –Las letras de Jordi– 2019ko Donostia Zinemaldian estreinatu zuen.

X Films-eko epaimahaiak  izango du hiruren artean irabazlea hautatzeko ardura, eta proiektua 2020an zehar ekoiztuko dute, datorren urteko Punto de Vista jaialdian estreinatzeko.

Informazio guztia, hemen.