Filmin Euskaraz jaio da gaur, euskara hutsezko lehen streaming kanala. 40 lan inguru daude oraingoz, euskaraz sortu, bikoiztu edo azpidatzitakoak.

Kataluniako Generalitatearen bultzadari esker sustatutako FilminCAT kanalarekin ausartu ziren lehenego, eta “euskal produkzio onenetarikoak” biltzeko ordua iritsi zaie orain. Filmin Euskaraz plataforma sortu du Filminek, euskaraz, euskaraz bikoiztutako edo euskaraz azpititulatutako izenburuak www.filmin.es/canal/filmin-euskaraz helbidean eskuragarri jarri asmoz.

Hiru ataletan banatu dute filmen eskaintza, fikziozko lanak, dokumentalak eta haurrentzako zinema, eta 40 lan inguru bildu dituzte jada: Roberto Castonen Ander (2009), edo Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak (2014) filma bezalako arrakastak;  Asier Altunaren eta Telmo Esnalen  Agur, Etxebeste! (2019); Printze Txikia; Dragoi Bola; Pikadero (Ben Sharrock, 2015); Xora (Peio Cachenaut, 2012) edota plataformara gehitu berri dituzten Margolaria (2019), Jainkoak ez dit barkatzen (Josu Martinez, 2019) eta Gure Oroitzapenak (film kolektiboa, 2019), besteak beste.

Aurrera begira, titulu kopurua zabaltzea litzateke asmoa.