2019 urtean San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundearekin elkarlanarekin egindako filmatzeek 10 milioi euroko inpaktu ekonomikoa eragin dute Gipuzkoan. Datu ekonomikoez harago, errodajeek lurraldearen irudiaren zabalkundean izan duten eragina nabarmendu dute egindako balantzean.
Woody Allen zuzendari estatubatuarraren filmak eta Patria (HBO) eta La línea invisible (Movistar) telesailen filmatzeak “urte historiko” bilakatu dute 2019a, Donostian eta Gipuzkoan egindako filmatzeei dagokienez. Proiektuen garrantzia eta kalitatea handia azpimarratu ditu San Sebastian – Gipuzkoa Film Commission erakundeak, lanek beraiek hirian utzitako ondorio ekonomiko positiboen berri ematean. Kulturako foru zuzendaria den Mari Jose Telleriak azaldu du, gainera, “aberastasun eta enplegu iturri garrantzitsuena” izan dela kultura, eta eragin ekonomikoa ez ezik, azpimarratu behar dela ere jarduerak mugaz kanpo zabaldutako irudian izandako eragina.
Ekonomia Bultzatzeko Zinegotziak, Enrique Ramosek, adierazi zuen, bestalde, datu hauek urte askoan zehar bertako zinematografia eta ikus-entzunezko sektorea sendotzeko egin den ahaleginaren emaitza direla, proiektu konplexuenei aurre egiteko profesionalizatuta eta prestatuta dagoen sektore bat finkatzeko udalak eskainitako baliabideei esker jasotakoa.
Gipuzkoako lurralde osoko filmatzeetarako zerbitzua ahalbidetzeko bulegoa sortu ondorengo lehen urtean, 2018an, 87 filmatze bideratu zituen hiriburuan eta lurraldeko herri ezberdinetan San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek. 2019 urtea ere “historikoa” izan dela iragarri dute: orobat, 84 proiektu artatu zituen bulegoak, eta guztira 424 grabaketa egin dira: HBOren Patria edo Movistarren La línea invisible telesailak; Pablo Agüero argentinarraren Akelarre drama historikoa; Woody Allen zinemagile estatu batuarraren Rifkin’s Festival filmaren errodaje polemiko bezain entzutetsua; Imanol Rayoren Hil kanpaiak; edo Aritz Morenoren Ventajas de viajar en tren saritua, besteak beste.
Telebistari dagokionez, telesailez gain, Donostian gastronomiari eta turismoari buruzko programak eta lehiaketak grabatu dira, eta hainbat iragarkietarako platoa izan da ere: bankuentzako (Laboral Kutxa); elikadura-kateentzako (Eroski) eta baita hainbat erakundeentzako ere, hala nola, Eusko Jaurlaritza.
San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionen erronka nagusia Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa sustatzea da, nazio zein nazioarteko ikus-entzunezko industriaren arloari dagokionez; era horretan, Donostia filmatzeak egiteko kokapen ezin hobe gisa ezagutaraziko dute eta bertako ikus-entzunezkoen sektorea zabaldu eta garatu egingo da. Erakundeak sare bat sortu du lurraldean, zeina tokiko garapenerako hainbat erakundek osatzen duten. Aipatu erakundeek Gipuzkoa euren filmatzeetarako eszenatoki gisa aukeratu duten ekoizleen (zine, telebista eta publizitatea) lana errazteko doako zerbitzua eskaintzen dute.