Lur eta Amets anai-arreben abenturak Gasteizen egongo dira ikusgai asteburuan. Gaur eta bihar Florida zinemetan pantailaratuko dute Lur eta Amets filma, 12:00etan.

Euskal Herrian zehar bira egin ondoren, otsailaren 7an estreinatu zuten zinema areto komertzialetan Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegik zuzendutako aurrentzako animaziozko filma. Lanak garai eta toki ezberdinetara bidaiatzera gonbidatuko du ikus-entzulea:

Lur eta Ametsen gurasoek ezkontza bat dute asteburuan, eta bikiak Andere amonaren zaintzapean utzi dituzte. Tximista batek etxeko argiak itzali ditu. “Joango al zarete ganbarara argia piztera?” esan die amona Anderek. Baltasar katua lagun, abentura ugari biziko dituzte amonaren baserriko ganbaran.

Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean martxan jarritako proiektua da Lur eta Amets, “gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzeko asmoz” sortutakoa. 2015ean argitaratutako Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia ezagutza liburuaren, bederatzi ipuinen eta mahai-jokoaren ondoren ikusi du argia filmak.