Banakako azterketatik abiatutako hausnarketa kolektiboa proposatzen duen LANAK, cambios de paradigma en las tipologías laborales proiektu dokumentala estreinatuko dute martxoaren 27an BilbaoArte Fundazioan. Egindako lana aurkeztuko du Itsaso Díaz egileak, lehenik; prozesu dokumentalaren proiekzioa egingo dute, gero. 19:00etan ezarri dute hitzordua Art House Zineman.
Sorkuntzazko dokumentala da LANAK, eta lan-esparru artistiko, kultural eta sozialetan jarduten duten 12 pertsonek “lanpostu propioak zehazteko eta diseinatzeko lan zailari aurre” nola egiten dioten azalduko du. Hala, Higinia Garay, Aran Calleja, Cai Tomos, Erick Estrada, Maria Ptqk, Adolfo Chauton, Susana Gutierrez, Mikel Morlas, Fernando Perez, Rocío Macías, Node (Ion Estala eta Ana Barrantes) eta Alex Filiatreau artistek nazioartean duten zeregina erretratatuko du egitasmoak.
Banakako azterketatik abiatutako hausnarketa kolektiboa izanik, gizarte osoari dagokion eta eragiten dion zereginean sakontzeko helburua duen materiala sortu nahi izan du Díaz zuzendariak. Eremu publikoan eta eremu pribatuan oinarrituz, testuinguru kultural eta pertsonal bat aztertzeko sorkuntza gisa bideratu du dokumentala, betiere, lan-esparruari lotuta.
Proiektuak ibilbide transbertsala proposatuko du, kultura-ekonomiaren, gizarte-zientzien edota gizarte-lanaren alorretan garatzen diren diziplina ezberdinekin elkarrizketak bideratuz.
Informazio gehiago, hemen.