Zine-Klub Gernikak ikasturte amaiera arteko programazioaren berri eman du. Maiatza bitartean, herrian egingo diren jarduera eta ekimenekin bat eginda, ohiko emanaldiez gaindiko ziklo tematikoak antolatu ditu, besteak beste, Lekuek musika festibalari eta Gernika-Lumoko bonbardaketari dagozkionak.

Zazpigarrenez Gernika-Lumoko kaleak musikaz jantziko ditu Lekuek 2020 festibalak martxoan, baina astebetez (hilaren 7tik 14ra), herritarrek ez dute kontzertuak ikusteko aukera soilik izango. Izan ere, Zine-Klub Gernikak bere aletxoa jarriko dio urtez urte handitzen doan hitzorduari. Jaialdiak iraun bitartean, musikarekin zerikusia duten bi film proiektatuko dituzte Lizeo Antzokian: Leto (Kiril Serebrennikov, 2018) eta Amazing Grace (Alan Elliot, Sudeny Pollack, 2018).

Martxoaren 10ean emango dute Leto, 80ko hamarkadako Leningradon kokatuta dagoena: hiriko rock-eszena sasoi gorenean dago. Viktor Tsoï musikari gaztea, Led Zeppelin, T-Rex eta David Bowie musikariei entzuten hazia, bere burua ezagutzera emateko ahaleginetan da. Bere idoloa, Mike, eta haren emaztea, Natacha ederra, ezagutzen dituenean, bere zoria aldatuko da. Elkarrekin, betikotasunera eramango dituen legenda bat eratuko dute.

Hilaren 12an, aldiz, Aretha Franklin abeslariari buruzko dokumentala pantailaratuko dute: 1972ko urtarrilean, Franklin bi egunez aritu zen Los Angelesko Watts auzoko New Temple Missionary Baptist Church elizan, bere diskorik salduena izango zena, Amazing Grace, grabatzeko. Sydney Pollack zinemagileak zuzendutako talde batek filmatu zituen saio horiek, baina artxiboko materiala ahaztuta egon da lau hamarkadaz. 2008an hil aurretik, filma osatu nahi zuela azaldu zuen Pollackek, eta Alan Elliott ekoizleak proiektuari emandako talde batekin ekin zion lanari. Spike Lee da koproduktoreetako bat. Berlineko zinema-jaialdian lehiaketaz kanpo estreinatu zuten.

Apirilean, bestalde, Seberg (Benedict Andrews, 2019) eta Sorry We Missed You (Ken Loach, 2019) emango dituzte hilaren 3an eta 17an, hurrenez hurren. Eta, Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenaren harira bi emanaldi prestatu dituzte: Beanpole (Kantemir Balagov, 2019) eta Fortuna (Germinal Roaux, 2018).

Apirilaren 23an, 1945eko Leningradora egingo dute ikus-entzuleek bidaia: II. Mundu Gerrak ingurua suntsituta utzi du, bai eraikinak, bai biztanleen bizitzak. Bi emakume gazte, Iya eta Masha, hondamendi horretan beren bizitzak berregiten saiatuko dira.

Hurrengo egunean, Beste hainbat errefuxiaturekin batera, Suitza aldeko Alpeetan kokatutako monje katoliko batzuen monastegian babesa hartuko duen gazte baten istorioa proiektatuko dute. Jatorri etiopiarrekoa da, eta 14 urte besterik ditu kontinente berriko eremu hotzenera helduko denean. Kabir ezagutuko du bertan, jatorri afrikarreko gaztea ere, eta harekin maiteminduko da. Negua helduko da, eta, elurra gailurrak zuritu bitartean, monasterio horren hormen artean aurkituko dute babesa.

Maiatzean esango dio agur Zine-Klub Gernikak ikasturteari, eta horretarako, nazioartean arrakasta izan duen Les Misérables (Ladj Ly) emango dute hilaren 8an, eta Olivier Assayasek zuzendutako Doubles vies (2018) bi aste beranduago, hilaren 22an.

Zine-Klub Gernikako kideek ohartarazi dute programazioan aldaketak suertatu daitezkela.