Hirugarrenez, arlo ezberdinetako artistak batuko dituen DOKBIZIA saila Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren egitarauaren parte izango da. Baluarten, Gayarre Antzokian eta Iruñeko Planetarioan errealaren baitan lan egiten ari direnen arteko topaketak, antzerki saioak, hitzaldiak, tailerrak eta proiekzioak egingo dituzte.

Aste gutxi batzuk baino ez dira falta 2020ko Ikuspuntu jaialdia hasteko (martxoaren 3tik 7ra), eta antolatzaileak astebetez Iruñea zinemaz eta kulturaz beteko duten egitaraua osatzen ari dira. Sail ofizialean lehiatuko diren filmen zerrenda argitara eman zuten urtarrilean, baina arlo asko ukitzen dituen hitzordua izanik, bestelako jarduerek ere protagonismoa izango dute Nafarroako hiriburuan.

DOKBIZIA saila 2018an inauguratu zuten, eta ordutik, artearen, performance-aren, antzerkiaren eta poesiaren bitartez erreala denaz hausnartzeko moduak eskainiko ditu. Horretarako, esparru ezberdinetan landuak diren artista, zinemagile eta teorikoak bilduko dira Iruñeko hainbat egoiztetan, besteak beste, Rabih Mroué, Aurora Fernández Polanco, Carlos Casas eta Hila Peleg.

Rabih Mroué artista libanoarrak, esaterako, “Make Me Stop Smoking” hitzaldia eskaintzeaz gain, Huarteko Arte garaikideko Zentroan tailer bat gidatuko du. Aurora Fernández Polanco akademiko eta kuradorearekin egindako solasaldira ere hurbiltzeko aukera egongo da. Carlos Casasek, bestalde, “Cine para todos los oídos” saioa egin “Cemetery” bere azken filma aurkeztuko ditu Planetarioan. Sail Ofizialeko epaimahaiko kide den Hila Peleg komisario eta zinemagileak “Uncut: del archivo de películas de Gordon Matta-Clark” hitzaldia emango du, eta bertan artista estatubatuarraren film zatiak eta bideoak erakutsiko ditu.

Programazioa osorik, hemen.