Zuzendaria: Jaione Camborda
Urtea: 2019
Herrialdea: Euskal Herria / Espainia

 

-Ilusio optikoa. Irudipen hutsa.

Jaione Cambordak, lau urtez galizan bizi izan den zinemagile donostiarrak, estreinatu berri du bere opera prima: ‘ARIMA’ (2019). Izenburua euskaraz izan arren, Cambordak Galiza nekazaleko herri txiki batean -eta galizieraz, noski- filmatu du thriller psikologiko hau, bost emakumeen arteko harreman ekaiztsua eta hauen ametsak, oroimenak eta desirak aurkezten dituen filma.

Nadiak herriko tabernan egiten du lan eta biluzik posatzen du Juliak eskaintzen duen marrazketa ikastaroan. Gainera, hain du gustuko ezezagunen begirada, antifaza jarri eta perbertsio lokal batera joaten da tarteka. Elena ikasle bezala joaten da ikastaro honetara eta bere alaba eramaten du berarekin: herriko espirituarekin hitz egin dezaken Olivia. Azkenik Julia, irakaslea, zeinak askotan zaindu behar izaten dituen Elena eroa eta Olivia txikia, azken honen eskutik iraganeko mamuak berpiztuz.

Gau lainotsu eta heze batean bi atzerritar iritsiko dira herrira. Batek arma bat darama eta zauritua dago, bestea, aldiz noraezean dabil, ezkutuan, iheskor. Batek protagonistekin egingo du topo hauen egunerokoa guztiz nahasiz, eta bestea ez dugu inoiz ikusiko, irudikeria balitz bezala. Noraezean dabiltzan arimak dira herriko pertsonaia guztiak, azken finean.

Eta ez da harritzekoa, herriak berak indar handia baitu film osoan zehar. Bailara batean kokaturik, eta behe-lainoak inguratuta, denborak aurrera egiten ez duela dirudi, zorigaitza iristear dagoela uneoro. Eta paisaiak sorrarazten duen ezinegon etengabe honetan, kamerak gertutik jarraituko ditu herritarren arteko xuxurlak, begirada susmagarriak, ezkutuko desira sexualak eta desagerpen misteriotsuak.

Kamara eskuan eta 16mm-tan filmatua, nabarmen da Cambordak zinemagile bezala duen eskarmentua. Gainera, bi plano txundigarriek filmak eskaintzen duen barealdi faltsua hautsiko dute -filmari hasiera ematen dion begi baten planoak eta bi ehiza-txakurren fokuz kanpoko irudiak-  Cambordaren ibilbide esperimentala gogora ekarriz.

Esan bezala, Cambordak dagoeneko hainbat film labur esperimental zuzendu ditu –Rapa das Bestas (2017), Nimbos, Proba de Axilidade, Lilit (2015)- eta O Tempo dos Nenos (2013) dokumentala. Bestalde, film askoren arte zuzendaria izan da ere: Ángel Santosen Las Altas Presiones (2015), Alfonso Zarauzaren Encallados (2014) eta Xavier Bermúdezen O Ouro do Tempo (2015). Bere ibilbidea “Novo Cinema Galego” izeneko mugimendu burruan garatu du, izen oneko zinemagile askorekin batera: Berto Gracia, Lois Patiño, Diana Saucedo, Eloy Enciso, Eloy Dominguez, Saxo Baño, Xurxo Chirro, Andres Goteira  eta Oliver Laxe, besteak beste.

Sevillako Zinemaldian, São Pauloko Nazioarteko Mostran, Madrilgo Márgenes Zinemaldian eta Novos Cinema Zinemalfian lehiatu ondoren, ARIMA pantaila handian ikusgai dago egun. Donostiarrok, adibidez, Principe zineman ikus dezakegu herrikide den zuzendariaren altxor txiki hau.

Olivia: Zer da irudipen bat?

Julia: Errealitatetik kanpo dagoen zerbait ikusten duzunean.

Errealitatea eta irudimena, ametsa eta amesgaiztoa edo nahia eta beldurraren arteko mugak aztertzen dituen filma da ARIMA. Jaione Cambordak ikusleei eskaintzen digun ilusio optikoa. Irudipen hutsa.