Oeste Films eta Pausoka ekoiztetxeak otsailean hasi dute El Vasco filmaren aurreprodukzioa. Argentinako Villa María herrian filmatuko dute datozen hilabeteetan, eta aktore euskaldun eta argentinarrak izango dira protagonistak. Herrialdeko zenbait euskal etxek parte hartuko dute, baita dantzari euskal argentinar batzuek ere.

Oeste Films eta Pausoka ekoiztetxearen komedia honetan, Mikel izeneko euskaldun batek Argentinara bidaiatuko du, eta bertan, hainbat gorabeheretatik igaroko da. Mikelek Argentinara joatea erabakiko du euskal girotik alde egin nahiko duelako, baina, bere zoritxarrerako, euskal kultura lantzen duen talde batekin egingo du topo.

Aktoreen artean, Joseba Usabiaga eta Itziar Aizpuruk, eta Inés Efron, Eduardo Blanco eta Muriel Santana argentinarrak daude. Horrez gain, Villa Maríako eta Mendozako euskal etxeak, eta dantzari euskal-argentinarren partaidetzak garrantzia izango du istorioan. Gainera, Pausoka ekoiztetxeak Euskal Kultura atariari jakinarazi dionez, bigarren mailako pertsonaiak izango diren aktoreen bila dabiltza.

Pelikula maiatzaren 11n hasiko dira filmatzen, eta Argentinako Morrison eta Mendoza herrietan bost aste igaroko dituzte. Euskal Herriari dagozkion atalak filmatzera Bermeora (Bizkaia) joko dute, eta astebete igaroko dute bertan.

Informazio gehiago, hemen.