Zinemari eskainitako irratsaio berria estreinatu du Naiz Irratiak: ‘Bilynch’. Hileko bigarren igande ilunabarretan, zuzenean entzun ahal izango da FMn eta sarean. Ondoren, podcast plataformetan zabalduko dute. Zinemazaleen arteko solasaldiak izango dira proiektuaren muina, hala, entzuleen partaidetza sustatzeko Twitterren eta Instagramen @bilynchnaiz kontua zabaldu dute.

Oscar sariak banatu zituen otsailaren 9an, eta urteroko hitzordu bereziarekin bat eginik piztu zituzten mikrofonoak, lehenengoz, Beñat Iturriotz, Oskarbi Sein, Mikel Zumeta eta Maite Bidartek. Hala ere: “bost axola urrezko gizontxoa!”. Laukoteak karteldegiari izkin egingo dion saioa estreinatu zuen Naiz Irratian, hilabete bakoitzeko bigarren igandean, 20:00etan, martxa hartuko duena: “Zinemazaleentzako gozagarri izango den saio monografikoa da, estiloz ganberroa eta edukiz aberatsa”.

Saioak ez ditu asteko estreinaldiak errepasatuko, eta ez da zuzendari edota aktoreei egindako elkarrizketetarako tarterik egongo. Hala, historia egin duten (edo ez) filmak berreskuratuko dituzte, eta spoiler alerta desaktibatuta izatea komeni izango dute entzuleek.

Zeresana eman duten pelikulen inguruan mintzatuko dira aurkezleak, denboran atzera eginez, eta irratsaioari hasiera emateko Ivan Reitmanek zuzendutako Ghostbusters (1984) filma aukeratu dute, dagoeneko sarean entzungai dagoena. Laukotearen iritziz, irratsaioaren filosofia ezin hobeto islatzen duen filma da: “Gu ere mamu harrapariak gara, baina filmak harrapatuko ditugu”, esan du Beñat Iturriotzek Naiz Irratian egindako elkarrizketan.

Omenaldi bikoitza izanik, ‘Bilynch’ izena jarri diote irratsaioari: David Lynch zuzendari estatubatuarri eta Donostiako Antzoki Zaharraren gainean bizi zen Joakin Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolariari egindakoa. Esatariek umorez aurreratu dute, gainera,  Lynchek berak “parte hartze berezia” izango duela ondorengo saioetan.