Lara González arrasatearraren diseinua aukeratu dute aurtengo Huhezinema – Euskal Film Laburren Jaialdiaren irudia izateko. Azaroan abiarazi zuten kartel lehiaketako irabazlea da González, eta 200 euroko ordain saria jaso du.
Urtez urte, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasle talde batek antolatzen du euskal film laburren jaialdi ezaguna da Huhezinema, 2020ko martxoaren 25etik 27ra bitartean hamahirugarren ekitaldia ospatuko duena. Laugarren ikasturtean horretarako propio sortu duten lantalde baten esku dago antolaketa, Iban del Campo irakaslearen gidaritzapean, eta hasi dira dagoeneko lehen xehetasunak argitzen.
Jaialdiaren irudia izango den kartela aurkeztu berri dute, Lara Gonzálezek diseinatutako lana. Antolakuntza taldeko ikasleek hautatu dute irabazlea, eta 200 euroko ordain saria eta euskal produktuz osatutako otarra jaso ditu egileak. Horrez gain, jaialdira bertaratzeko gonbidapena ere eman diote.
Gazte artistak galdegin zituzten deialdian, ahalik eta pertsona kopuru handienaren talentu zein parte-hartzea erakartzeko asmoz, “sormena sustatu eta, bide batez, jaialdiari oihartzuna emateko” asmoz. Hala, urriaren 31ean zabaldu zuten parte-hartze epea, eta abenduaren 29a izan zuten sortzaileek proposamenak aurkezteko azken eguna.