Batzuetan ahaztu egiten zait zein garrantzitsuak diren istorioak. Alderdi teknikoek eta espektakulu hutsak itsututa, ez naiz oroitzen film on baten oinarrian, gidoi on bat dagoela. Bost urte igaro ondoren gogoratuko ditudanak istorioak dira; erakarri nautenak, gertukoak ditudanak, nirekin zerikusirik ez izanagatik ere maitemindu egin nautenak.

Zinema munduko sari banaketen garai honetan, banatu berri diren Oscar sariek egoera apur bat leundu duten arren, ohartu naiz nire iritzia ez duela jende askok konpartitzen. Artifizioa, pertsonaia sinestezinak, edukirik gabeko narrazioak dira goraipatzen direnak. Badirudi ordu eta erdiz ikuslea entretenitua mantentzea dela saritzen dena, ahal dela harengandik esfortzu handiegirik exijitu gabe.

Bada kontakizunak goraipatu nahi ditut nik. Pentsarazten diguten kontakizunak, hunkitu egiten gaituztenak. Istorio indartsuak, sinpleak, korapilatsuak, amaieratik hasten direnak, amaierarik ez dutenak. Zinetik irteten naizenean sentitu nahi dut zinegile edo gidoilariak film hura egin behar izan duela; ezinbestekoa zela berarentzat ipuin hura kontatzea. Gainontzekoa gehigarria da, behar hori apaintzeko erremintak. Azken emaitza borobiltzen laguntzen dute gehienetan, baina oinarririk gabe ez dute zentzurik. Beraz, ikuskizun eta mozorroek itsutzen bagaituzte ere, oroitu gaitezen istorioez.