Atzo bertan, otsailaren 10ean, proiektatu zituen Kresala zineklubak Lur Olaizolaren Xulia (2019) dokumental laburra eta Alberto Dexeusen eta Ànnia Gabarróren Les perseides (2019) film luzea. Iraganeko kontakizunetan eta oroitzapenetan aurkitu daiteke bi lan hauen arteko lotura nagusia.

Xulia (2019)  80ko hamarkadan heroinazale izandako eta HIESaren biktima baten oroitzapenetan oinarrituta dago. Iraganeko istorioak gogoratzeko, Xuliaren esperientzia erabiltzen du, gaur egun ere tabua diren gai horiek jorratuz. Olaizola beraren hitzetan “memoria bidaia” bat da, 80ko hamarkadako une haietara doana, Xuliaren hitzei eta irudiei esker osatuta.

Film labur honetan, protagonistarekin batera iraganera bidaiatzen du ikusleak, bere istorioan murgiltzen den bitartean. Erritmo geldo batekin, pixkanaka-pixkanaka Xuliaren iragana gogoratuko du, eta bere oroitzapenak piztu egingo dira bidaia batean doala.

Halako gai interesgarri batekin, ukaezina da eduki asko sortzeko aukera dagoela. Irakasteko tresna hobezina da ere, nahiz eta, kasu honetan, gehiago ikasteko gogoekin geratu. Izan ere, kontakizuna hain da esanguratsua eta berezia, istorioan eta jorratzen dituen gaietan gehiago sakontzeko gonbitea luzatzen duela ezinbestean.

Les perseides (2019)  lanak, aurrekoan egin bezala, iraganeko bidaia bat aurkezten digu ere. Kasu honetan, ordea, Gerra Zibileko oroitzapenek erakitzen dute oinarria, eta protagonista, misteriozko gertakari bat argitu atzetik doan Mar izeneko neskatoa. Familiarengandik jasotako istorio eta herrian belaunaldiz belaunaldi zabaldu diren kontakizunei eutsi, eta horietan barneratuko da, lagun berri bat alboan duela.

Oraingoan ere, gertaerak oso modu geldian aurkezten dira, eta nerabezaroan dagoen neskatxa batek aitarekin eta lagun berriarekin duen erlazioa, bere familiaren sekretu eta misterioekin bateratzen ikusiko ditugu. Protagonista, iragan ilun horretan sartuko da bete-betean, eta nahiz eta hasieran zirrara gutxi erakutsiko duen, bere aitonaren sekretua argitzeko gogoak hazten joango dira. Hala, bere aitona gizon gaiztoa zela deskubrituko du, horrek suposatuko dion barne gatazka guztiarekin. Gradualki, ezezaguna zitzaion errealitate latz batean murgiltzen joango da, bilakatuz, eraldatuz.

Bi kasutan, oroitzapenak eta iragana dira protagonista, eta teknika desberdinen bidez, errealitate berri bat eraikiko dute. Gaiek iradokitzen duten balizko sakontasunekin ere, ariketa interesgarriak izan dira.

Gogoan izan, hilaren 24ra bitartean, astelehenero egingo dituela emanaldiak Kresala zineklubak. Gangbyub Hotel (2018) filma izango da azkena, sasoi berriko programazioa aurkeztu baino lehen.

Informazio guztia, hemen.