Ezustekoentzako tarterik ez zen izan bart Los Angelesko Dolby Theatre aretoan: Parasite (2019) filma gailendu da Oscar sarien banaketan. Iragarpen guztien faboritoa zen Bong Joon-ho zuzendariaren proposamena, eta lau sari nagusiak eskuratu ditu gaur goizaldean: film onenarena, zuzendari onenarena, ingelesaz besteko film onenarena eta gidoi onenarena.

Urtero bezala, Los Angeleseko Dolby Theatre delakoan ospatu dute 2019. urtean zinemak eman dituen onenak saritu dituen gala. 92. edizioa izan denak, iazko patroi berbera jarraitu du: aurkezlerik ez, eta aurpegi ezagunen parte hartze laburrak. Hobera bai, baina pare bat buelta eskatzen ditu oraindik tarteka astunegia den ekitaldiak.

Beste hautagaien gainetik nabarmendu dira azken asteetan kiniela guztietan izan diren hiru film: Parasite, 1971 eta Once upon a time… in Hollywood. Bazirudien haien arteko lehian egongo zela borrokarik handiena, baina irabazle argi bat utzi du gau-jaiak: Parasite (2019). Bong Joon-ho korearraren lanak eskuratu ditu film onenaren, zuzendari onenaren eta gidoi onenaren sari nagusiak. Horrez gain, ingelesaz besteko film onenaren errekonozimendua jaso du ere. Honenbestez, ingelesa ez den hizkuntza batean filmatutako pelikula batek gaueko sari nagusia eraman duen lehen aldia da izan da: “Historian oso une egokia gertatzen ari dela sentitzen dut”, azaldu du Sin-ae Kwak ekoizleak.

1917 (2019) drama belikoak errekonozimendu tekniko nagusiak jaso ditu, argazkilaritza, efektu berezi eta soinu nahasketa onenenak, eta Quentin Tarantinoren Once upon a time… in Hollywood lanak, aldiz ekoizpen diseinu eta taldeko gizonezko aktore onenarenak.

Interpretazioei dagokienez, faborito nagusiak ziren Joaquin Phoenixek (Joker) eta Rene Zellwegerrek (Judy) jaso dituzte gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak, eta Brad Pitt (Once upon a time… in Hollywood) eta Laura Dern (Marriage story) izendatu dituzte taldeko aktore onenak. Eskertza une ederrak izan dira irabazleen hitzartzeak; Joaquin Phoenixek eboluzionatu beharra eta gizartean “nork bere zilborrari” begiratzeari uzteko kontzientzia hartu beharra hartu izan ditu hizpide, eta River Phoenix hildako anaiari eskaini dio errekonozimendua; Zellwegerrek, aldiz, Judy Garland alter egoari eskaini dio saria “Ez zuen Oscar saririk jaso, baina seguru nago guzti hau bere legatuaren jarraipena dela. Haren espirituaren eskuzabaltasuna edozein lorpen artistikoz harago heldu baita. Hau zuretzat da, Garland anderea”.

Palmares osoa jarraian:

  • Film onena: Parasite (Bong Joon-ho)
  • Zuzendari onena: Bong Joon-ho (Parasite)
  • Emakumezko aktore onena: Rene Zellweger (Judy)
  • Gizonezko aktore onena: Joaquin Phoenix (Joker)
  • Taldeko emakumezko aktore onena: Laura Dern (Marriage story)
  • Taldeko gizonezko aktore onena: Brad Pitt (Once upon a time… in Hollywood)
  • Jatorrizko gidoi onena: Bong Joon-ho eta Jin Won Han (Parasite)
  • Egokitutako gidoi onena: Taika Waitit (Jojo Rabbit)
  • Argazkigintza onena: Roger Deakins (1917)
  • Ekoizpen diseinu onena: Barbara Ling eta Nancy Haigh (Once upon a time… in Hollywood)
  • Efektu berezi onenak: Robert Legato, Adam Valdez, Andrew R. Jones eta Elliot Newman (1917)
  • Makillaje onena: Kazu Hiro, Anne Morgan eta Vivian Baker (Bombshell)
  • Muntatzerik onenaMichael McCusker eta Andrew Buckland (Le Mans ’66)
  • Soinu muntatzerik onena: Donald Sylvester (Le Mans’66)
  • Soinu nahasketarik onena: Mark Taylor eta Stuart Wilson (1917)
  • Jantzirik onenak: Jacqueline Durran (Little Women)
  • Ingelesaz besteko hizkuntzetan errodatutako film onena: Parasite
  • Dokumental onena: American Factory
  • Animaziozko filmarik onena: Toy Story 4
  • Film laburra: The Neighbors’ Window
  • Film labur dokumentala: Learning to Skateboard in a Warzone (If You’re a Girl)
  • Animaziozko film onena: Hair Love