Aurkeztu dute Zinegoak – Bilboko Gaylesbitrans Zinema eta Arte Eszenikoen 17. Nazioarteko Jaialdiaren programazioa. Otsailaren 24tik martxoaren 8ra egingo dute, eta Ekai Lersundi gazte transexualaren bizitza jasotzen duen ‘Mi pequeño gran samurai’ lanaren proiekzioak emango dio hasiera.

Zinegoak jaialdiko lan-taldea, programazioa aurkezteko deitutako agerraldian.
Edizio berriaren helburua sexu-orientazioaren gaia baino harago joatea izango da, sexu-identitatearen arloan gehiago sakondu eta atal berriak jorratzea. Honekin, besteak beste, oraindik nahiko ezezaguna den cis kontzeptua ezagutzera eman nahi dute, trans terminoa normalizatu eta ikusgarri bilakatzeko asmoarekin.
Bada, gaiarekin estuki lotutako Mi pequeño gran samurai film laburraren erabateko estreinaldia izango da inaugurazio ekitaldiak hartuko duen proiekzioa. Lanak Ekai Lersundiren bizitza izango du oinarri, 2018. urtean bere buruaz beste egin zuen gazte transexual ondarrutarra. Horrez gain, Ohorezko Saria banatuko diote Pepa San Martín zuzendari txiletarrari. Paul Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariak San Martinek zinema eta kultura mundua eraldatzeko arma gisa ulertzen dituela adierazi du, eta Txilen zein zinemaren industrian izan duen garrantzia aldarrikatzeko asmoz erabaki dute antolatzaileek saria hari ematea. Izan ere, emakumeen espazioaren eta ikusgarritasunaren alde borrokatu du zuzendariak urte luzez: “Pepa San Martinen filmografiak eskema zaharrak irauli nahi ditu, elkarrizketak irekitzen dituen bitartean”.
500 bat obra jaso dituzte film labur, fikziozko film luze eta dokumentalen eta proposamen eszenikoen artean, eta, horien artean, errealitateak jorratzen dituztenak izan dira nabarmen. Aurreko edizioan programazio ofizialaren egiturak (FIK, DOK eta KRAK atalen sorrerak) izandako harrera eta funtzionamendu onaren ondoren, jaialdiak proiekzio-dinamika berdinari eutsiko dio 17. edizioak. Lehen astean, fikzioa izango du ardatz, Bilborocken, Golem zinemetan eta Bilbao Arte fundazioaren ArtHouse Cinema aretoan; eta bigarren astean, berriz, dokumentalek hartuko dute protagonismoa. Jarduerak Bilborocken antolatuko dira, eta bestelako ekintza osagarriak egingo dituzte ere.
Orotara, 22 film luzek hartuko dute parte Sail Ofizialean, hiru kategoria ezberdinetan: FIK (fikziozko film luzeak), DOK (film luze dokumentalak) eta KRAK (proposamen narratibo ausartak).
Gainera, 45 film labur ikusteko aukera izango da ere. Euskal Herrian sortutakoak izango dira 13; bederatzi film labur (bi sail ofizialean eta gainontzekoak “Erroak: euskal panorama” sailean), film luze dokumental bat sail ofizialean (Iban del Camporen Glittering Misfits) eta hiru lan-eszeniko, tartean, Lurrun Minez antzezlanaren aurrestreinaldia.
50 udalerritan
“Badakigu jaialdiaren ardatza Bilbon dagoela, eta gainera, urtetik urtera handiagoa da jaialdiak duen harrera. Baina ekimena ahalik eta herri gehienetara iristea nahi genuenez, hedapenaren lana indartzea erabaki dugu”, adierazi zuen Pau Guillenek, jaialdiaren zuzendariak, iragan abenduan, Euskal geografia osoan hedapen handiena izan dezan ahalegin berezia egingo zutela iragarri zuenean.
Bada, Bilboko LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdia 2020ko otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean izango da, baina, horrez, gain, aurrez aipatutako jauzi kuantitatiboa egingo du jaialdiak, eta, lehen aldiz, Bilbon ez ezik, 50 udalerritan ere proiektatuko dituzte jaialdiak jasotzen dituen ikus-entzunezkoak.