Izenburua: Judy

Zuzendaria: Rupert Goold

Urtea: 2019

-Izarra bizirik mantentzen-

Rupert Goold zinemagile ingelesaren film honetan, Renée Zellweger aktorearen lana goraipatu dute, hainbat sari eskuratu dituena. Orain arteko Emakumezko aktore onenaren sari garrantzitsuenak jaso ditu, eta asteburu honetan banatu diren Oscar sarietan ere aintzatespen nagusia irabazi du. Obra honek, Judy Garland aktore eta abeslariaren azken urteak azaltzen ditu, gazteetako oroitzapen txarrak gogora etortzen zaizkion bitartean. Artista baten gainbehera eta igoera, familia, maitasuna eta beste hainbat gai, betiere, erreala izan zen pertsonaia oinarri hartuta.

1968an kokatzen da pelikula, eta Judy Garland protagonistak dagoeneko saldu diren kontzertuen bira bat egitera Londresera bidaiatuko duenean. Horretarako, ordea, bere seme-alabak Los Angelesen utzi beharko ditu, eta Londresko bidaian zehar, gaztea zeneko oroitzapen aztoratzaileei egin beharko die aurre.

Pertsona ospetsuen biografia asko ikusi ditugu azken urteetan, eta hori garbi geratuko da ere aurtengo Oscar sarietako hautagaietan. Renée Zellwegerren rola da, ordea, Judy filma nabarmendu duen ezaugarria, Garland aktore eta abeslariaren izaera, keinuak eta esentzia modu magistralean irudikatzen dituelako. Oro har, aktore taldeko kide gehienen lanak dira azpimarragarriak (Jessie Buckley edo Finn Wittrock, kasu), baina Zellweger da benetako izarra. Judy Garland ez da gehiegi ezagutzen dudan figura, baina bere keinuak, hitz egiteko modua eta izaera imitatzea lortu dituela uste dut. Pelikulan zehar mantentzen ditu elementu horiek, eta aktorea bera dirudi, hura irudikatu nahi duen pertsonaia hutsaren ordez. (Hori izaten da obra biografiko askoren arazoa, benetako pertsona baten papera dutela ahazten dutela, eta kosta egiten dela istorioan murgiltzea),.

Antzezleen lanak alde batera utzita, nire arreta gehien jaso duena Garlanden gaztetako bizitza  izan da, nire aburuz, mami gehiago merezi zuena. Artista beterano baten arazoetan eta azken urteetan oinarritutako beste ehunka kasu ikusteko aukera izan dugu jada, eta batzuetan errepikakorra egiten da. Originaltasuna falta izan ohi da ezaugarririk errepikatuena. Lan honetan, esaterako, aukera ona zuten gaztetako urte ilun horiek gehiago sakontzeko, baina beste aro bat jarri du zuzendariak fokupean.

Hala eta guztiz ere, pelikula honek nabarmentzeko gai batzuk tratatzen ditu, gaur egungo Hollywooden ere gailentzen direnak. Gaztea zenean pairatu zuen kontrol neurrigabea da horietan bortitzena, drogak hartzera behartuta eta askatasunetik gabe. Iragan horri esker, Judy hobeto ezagutu dezakegu, eta bere erabakiak, nahiz eta batzuetan eztabaidagarriak izan, errazago ulertu. Ikusleak enpatia sentituko du.

Beste gaietako bat familiarena da. Protagonista bi seme-alaben ama da, eta beraiengandik banantzean, ohikoa den modura, faltan botatako ditu. Momentu batzuetan ama arduragabea balitz bezala aurkeztuko dutela dirudi, baina haienganako duen maitasuna ukaezina da, eta bere esku dagoen guztia egiten ikusiko dugu. Gainera, bizitzako unerik okerrenetako batean dagoenean, bere alabarekin hitz egiten du telefonoz, faltan botatzen duelako eta hobeto sentiarazten duelako. Alde honetatik ere, erraza da Judyrekin identifikatua sentitzea.

Emaitza txukuna da, ondo egina dago, aktore gehienen antzezpenak onak dira, eta gaur egun oraindik zeresana duten gai batzuk jorratzen ditu. Goold zuzendariaren obra honen arazo handiena, akaso, originaltasun eta gai mamitsuen falta da, eta potentzial asko duen istorio honetan etekin gehiago ateratzeko aukera aparta dago. Halere, pena merezi du Zellweger Judy Garland bilakatzen ikusteko, eta bere bizitzaren inguruan interesa baldin baduzu zerbait ikasteko.