Terra Willy (2019), Asto Erregea/The Donkey King (2018) eta Vitoria 3, de marzo (2019) filmak izango dira Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioan haur eta gazteentzat proiektatuko dituzten pelikulak. Saioak apirilaren 21etik 29ra izango dira, eta dagoeneko irekita dute ikastetxeek izena emateko epea.

Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak eta Donostia Kulturak antolatzen duen jaialdia da, eta Antzoki Zaharrean zein Victoria Eugenia Antzokian egingo dituzte emanaldiak. Proiektatuko dituzten obrek, besteak beste, elkartasuna, ingurumena zaintzea, parte-hartze soziala eta demokrazia jorratuko dituzte.

Apirilaren 21ean, 22an eta 23an, Terra Willy emango dute Antzoki Zaharrean. Willy izeneko mutiko baten espazioko abenturak kontatuko ditu: bere espaziontzia planeta basati batean erori eta gurasoengandik bananduta geratuko da. Euskaraz izango dira saio guztiak.

Apirilaren 24an, Vitoria, 3 de marzo filma proiektatuko dute Victoria Eugenia Antzokian, eta hau, ordea, gaztelaniaz emango dute. 1976ko martxoaren 3an, lan baldintza duinak eskatzen zituzten grebaren partaideek jasotako indarkeria polizialaren birsortzea da; poliziak bost langile hil zituen.

Azkenik, apirilaren 27an, 28an eta 29an, Asto Erregea/The Donkey King egongo da ikusgai, hau ere Antzoki Zaharrean eta euskaraz. Istorio honetan, Lehoi Erregeak erretiroa hartuko du, eta bere ordezkoa erabakitzeko hauteskunde batzuk prestatuko dituzte. Mangu izeneko asto umil bat bilakatuko da errege berria izateko hautagai popularra, baina legezko oinordekoa izango du oztopo.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren 18. edizioko haur eta gazteei zuzendutako saio hauek, 10:00etan izango dira, eta ikasle bakoitzaren sarrerak euro bateko balioa edukiko du.

Informazio gehiago eskuratzeko, deitu 943 48 19 75 zenbakira edo bidali e-maila zinema_gizaeskubideak@donostia.eus helbidera.