2021ean estreinatuko dute Amazon Prime Videon 3Caminos telesaila, eta dagoeneko hasi dute lau hilabetez luzatuko den grabaketa fasea. Donejakue bidea ardatz izango duen ekoizpenak sei atal izango ditu, eta lehen irudiak Nafarroan hartu dituzte.

Norberto López Amado, Iñaki Mercero eta Franciska Meletzky zuzendariak Leireko monasterioan izan dira iragan astean lehen irudiak grabatzen, eta martxoan itzultzea aurreikusten dute, Garesera eta Orreagara. Nafarroako ikus-entzunezko jarduna indartzeko proiektu estrategiko gisa sortu ziren Lekarozko Meliton Estudioek beren instalazioak eskaini dituzte ekoizpena burutzeko, eta Errioxan zein Galizian jarraituko dute filmaketa.

Donejakue bidea aitzaki, beraien adiskidetasuna sendotu duten bost erromesen istorioa kontatuko du 3Caminos telesailak. Protagonistak jatorri ezberdinetakoak izango dira -Andrea Bosca, Veronica Echegui, Alex Gonzalez, Alberto Jo Lee eta Anna Schimrigk dira aktore nagusiak-, eta  hiru aldiz (hiru ibilbide ezberdinetatik) egingo dute bidea. Hala, 2000. urtean, 2006. urtean eta 2021. urtean kokatuko da telesaila.

Galiziako Ficcion Producciones, Beta Films eta Amazon Prime dira ekoizleak, baina Alemanian, Hego Korean, Mexikon eta Portugalen ere grabatuko dutenez, herrialde horietako ekoiztetxeek ere parte hartuko dute lanean.