Hautatu dituzte 2020ko Laburbiran ikusgai izango diren filmak. Martxoaren 9tik apirilaren 8ra bitartean ospatuko da zirkuitu ibiltaria, eta emanaldiak programatu nahi dituzten herrietako erakunde zein elkarteak galdegin dituzte berriki.

Hamarkadatik gora ibiltari, euskarazko zinemagintzako pieza freskoak erakutsiz, herriz herri. Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltaria.

Bada, helburu birekin jarduten dute Laburbira zirkuituaren antolakuntzan: euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea eta euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabaltzea. 2020ko martxoaren 9tik apirilaren 8ra ospatuko dute, eta horretarako 2019an zabaldutako deialdian jasotako 27 proposamenak aztertu, eta bederatzi film labur aukeratu dituzte.

  • GAU BELTZA (Euskaltzaleen Topagunea): Jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, berrasmatzeko bidea abiatu duen jai baten zabalpenean murgildu da Euskaltzaleen Topagunea. Dokumental honek egindako ibilbidea jaso, eta datorrenari bidea zabaltzen dio.
  • URAK DAKARRENA (Leire Icaran, Nerea Ansola, Goretti Serrano eta Naia Arantzamendi): Hondartzara bidean zihoazen neska bik zorro bat aurkitzen dute lurrean. Zeinena ote da? Zein misterio gordetzen du zorro horrek?
  • ANTI (Josu Martinez): 1920ko negua da Bizkarsoro herri ttipian. Gerla Handiaren biharamunean, haurrei irakurtzen eta idazten irakasteko aitzakiarekin, eskola publikoak euskaraz mintzatzea debekatzen die, zigor eta umilazioen bidez.
  • TIGRE BAT (Amaia San Sebastian): Emakume baten gorputza, emakume berarena, erakusleiho bihurtzen da guretzako. Emakumeak zer jantzi, zer estali eta zer ez erabakitzean, guk hari etiketak jartzeko, gure aurreiritziak eta beldurrak beregan botatzeko.
  • PIL PIL (Kristina Zorita): Gau bat. Biribilgune bat. Keinukariak. Polizia auto baten keinukariak. Afari luze baten ondoren, bi neska gazte alkoholemia kontrol batean gelditzen dituzte. Horietako bat polizia batekin lehia dialektiko batean hasten da nork egin bakailu onena. Indarrak neurtu ez, eta neskak polizia-etxean bukatzen du zerratuta.  Euforia jaitsita, atxilotuak sineskaitz heltzen dio gau surrealistari.
  • MAMARRO (Ibon Iza Totorika): Umeek eta mozkorrek ez dute gezurrik esaten, hori dio esaera zaharrak, hala ere, batzuetan jolasak joko bihurtzen dira.
  • KATEAK (Yolanda Mazkiaran): Paleolitikotik Gaur egun arte Euskal Mitologiaren Andereak jasan dituen eraso handien kontakizun laburra.
  • JAUZI BAT ETA PRIXT (Maitane Eyheramonho): Irudi eta dantzaren bidez, film labur esperimental honetan, ondare, kultura, feminismo eta familiaren kontuak islatzen ditu Maitane Eyheramonho zinemagileak.
  • HARRIA HERRIA (Dimegaz Kultur Elkartea): Dantza bertikalaren estetika eta ikusgarritasuna, gizakiak suntsitutako espazio natural batera ekarria: harrobiko horma lakarrak leunduz, dantzaren edertasuna. Emakumea protagonista bertan: soketatik zintzilik, eskalatzeko grina antzeztuz, dantzaren espresio librerako. Proiektuan bost dantzari bertikalek, eskalatzaile batek, Oreka TX taldeak, Miren Narbaiza kantariak eta Karmele Gisasola Euskal Herriko harri-jasotzaile txapeldunak parte hartu dute.