Hamargarren edizioa beteko du aurten Argentinako Euskal Zinema Ibiltaria proiektuak. Urtarrilaz geroztik Patagonia zeharkatzen ari da, eta herrialdeko hainbat euskal etxeetan euskal filmak proiektatzeaz gain, hitzaldiak eta solasaldiak ere antolatu nahi dituzte.

Herrialdeko euskal etxeetan euskal filmak pantailaratzea helburu duen ekimena da, eta urteurrena ospatzeko ekimen berezi bat prestatu nahi du Carlos Gabilondo programaren sortzaileak. Euskal Kultura atariari adierazi dionez, hamar urte hauetan proiektua babestu duten euskal etxeei dei egin die egoitzetan berriz ere “euskal zinemako izenburu zahar edo berriren bat eman” nahi ote duten galdetuz. Hala izanez gero, berarekin harremanetan jartzeko eskatu die.

Urte osoko egitaraua prestatu nahi du Gabilondok, eta dagoeneko zenbait data adostu ditu. Saladilloko Itxaropen egoitzan martxoaren 20an egingo dute lehen emanaldia, eta La Platako Euzko Etxean, aldiz, apirileko lehen astean. Zehaztu bidean daude San Miguel, Chivilcoy, San Martín de los Andes, Cipolletti-Neuquen (Baskos de la Confluencia), Chacabuco eta Arrecifeseko euskal etxeekin hitzorduak. Hala ere, Gabilondok erakunde eta herri gehiagori ere luzatu die eskaintza.

Buenos Airesko Euskaltzaleak elkartearen egoitzan egin zuten Euskal Zinema Ibiltariaren lehen saioa duela hamarkada bat, eta urteurrenaren harira, hamar film aurkeztuko dituzte martxotik abendura arte, gehienak estreinaldiak dira.