Mirentxu Loyarte eta Iratxe Fresneda zinegileak Berlinen izango dira, Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein Euskal Etxeak gonbidatuta. Bataren zein bestearen lanak proiektatuko dituzte Arsenal Institutuan otsailaren 7an eta 8an.
Belaunaldi ezberdinetako bi emakumezko zinegileen lanei buruzko atzera begirako berezia prestatu du Berlingo Arsenal – Institut für Film und Videokunst e.V. institutuak. Nazioarteko kultura zinematografikoa hedatzea eta bizirik mantentzea du helburu, zinema independente eta esperimentala bultzatuz.
Hala, 2017ko Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdian egin bezala, Loyartek zuzendu zituen Irrintzi (1988) eta Euskal emakumeak (1981) film laburrak emango dituzte hilaren 7an. Ostean, Fresnedak 64. Donostia Zinemaldian Loyarteren figuraren eta lanaren inguruan aurkeztu zuen Irrintziaren oihartzunak dokumentala eskainiko dute.
Bestalde, otsailaren 8an, arrigorriagarraren Lurralde Hotzak azken ekoizpena pantailaratuko dute ere. Bidaia geografikoaz harago, irudien bidez eraikitako bidaia da: emakume baten mamu eta barrenetatik abiatzen den bidaia pertsonala, begiratzeko modu bat. Euskal Herrian hasi eta Eskandinavian barrena, hots, lurralde hotzetan, lehenago Theo Angelopoulos, Bego Vicario, Ruth Hillarp edo Win Wenders zinemagileen istorioetan ezagutuko ditugun paisaietara itzuliko da zuzendaria, bere lorratzak poema bilakatuz.
2017ko udan hasi, eta 2018ko negua bitarte, filmak jendartean, hirietan eta paisaietan galdu den begirada bilatu du zuzendariak, besteak beste, Aragoi, Euskal Herria, Alemania, Danimarka, Suedia eta Islandian barrena bidaiatuz.
Euskal Herriko hiriburuetan aurkeztu zuen lehenik dokumentala, eta Europan barrena ibili da gero. Besteak beste, nazioarteko dokumentalik onenaren saria jaso zuen Portoko Nazioarteko Zinema Jaialdian.