Korner jaialdiaren hirugarren edizioak mahai-inguruak, zinema, literatura, antzerkia, artea eta erakusketak eskainiko ditu, otsailaren 9tik 15era, Donostiako hainbat aretoetan.

Korner bestelako jaialdi bat da. Itxuraz harremanik ez duten bi munduren arteko topagune bat. Baina uste hori errealitatetik urrun dago, asko baitira futbolaren eta kulturaren arteko harremanak. Kornerren helburua da horiek hainbat diziplinatatik aztertzea.

Hala, hirugarren edizioa izango denak bertso saioak, solasaldiak, ikus-entzunezko emanaldiak, irakurketak, antzerkia eta bestelako arte adierazpenak hartuko ditu bere gain. Talentua bikaintasunera nola iristen den eta futbolaren eta poesiaren arteko harremanei buruz hitz egingo da; gaur egungo kirol solasaldiak parodiatuko dituen antzezlan bat estreinatuko da; Chillida Leku bisitatu da eta futbolak Donostiako artista bikainaren lanean izan zuen eragina gogoratuko da. Izan ere, Realeko atezaina izan zen eskultorea.

Hain zuzen ere, atezainaren irudiak, agian futboleko poetikoenak eta literarioenak, edizio honetako hainbat jarduera hartuko ditu ardatz, eta ekitaldiak bilduko dituen kulturaren eta futbolaren izen aipagarrien zerrenda zabalduko du: Santiago Cañizares, Jose Luis Garci, Luis Garcia Montero, Maddi Torre, Mikel Alonso, Imanol Agirretxe, Maria Botto, Onintza Enbeita, Maddalen Arzallus, Jon Maia, Xabi Paya, Julio Soto, Andoni Egaña…

‘Keeper’ filmaren proiekzioa

Ia beti futbolaren erdigunean golegileak izaten badira ere, atezainak dira ziurrenik kirol honen nortasunik bereziena. Bada, Keeper (2019) dokumentalak elkarren artean oso desberdinak diren bost atezain aztertuko ditu: 8 urtetik 74 urtera, Holandatik Siriara. Golaren etorrera saihestezina soilik itxaroten duten  horien esperientziara hurbilduko du publikoa.

Otsailaren 11n egingo dute emanaldia, 19:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Antolatzaileek iragarri dutenaren arabera, doako saioa izango da, eta sarrera librea izango du edukiera bete arte.

Ikusi hemen jaialdiaren egitarau osoa.