Zuzendaria: Johan Kramer
Herrialdea: Herbehereak
Urtea: 2019

-Atezaina izatearen marka-

Donostia Kulturak eta Real Sociedad Fundazioak elkarlanean antolatzen duten Korner jaialdia bueltan da berriro, futbolaren eta kulturaren arteko harremanak sustatzeko. Itxuraz zerikusirik ez duten bi mundu badira ere, jaialdiaren hirugarren edizioak eskaintza anitza du: mahai-inguruak, bertso txapelketa, literatura, antzerkia, artea, erakusketak eta, nola ez, zinema. Otsailaren 11an, asteartean, KEEPER (2019) filma ikusteko aukera izango dugu Donostiako Antzoki Zaharrean, atezainei eskainitako amodio-gutuna den filma.

Johan Kramerrek, zuzendariak, atezain desberdinak zelai desberdinen ateetara hurbiltzen direla emango dio hasiera filmari, bisualki oso erakargarriak diren plano finkoen bidez. Penalti area aztertu, luzatze-ariketa egin, eskularruak jarri, arnasa hartu, euren buruarekin hitz egin, errezatu eta hurrengo 90 minutuetan atea beraien etxea izango balitz babesteko prestatuko dira. Horrela, futbolean askotan gutxietsi ditugun atezainen ohiturak edo errituak gertutik aztertzeko aukera eskainiko digu filmak, planotik kanpo gertatzen dena alde batera utziz. Kamarak ez ditu golegileak jarraituko, behingoz atezaina izango da protagonista.

Eta piiii. Arbitroak hasiera emango dio partidari.

Partida desberdinek aurrera egin ahala, dokumentalean elkarren artean oso desberdinak diren bost atezainek euren esperientzia pertsonalak kontatuko dituzte atezainaren figuraren inguruko klixeak hautsiz. Futbol liga amateurretan taldeko jokalari okerrena izan ohi dela atezain badiote askok, filmak kontrakoa frogatuko du: nortasun ausarta eta buru ahalmena handia behar da atezaina izateko. Izan ere, atezain baten prestakuntza 80% coaching-a da eta 20% entrenamendu fisikoa. Azken finean, taldeak partida irabazten badu golegileei esker dela dirudi, baina porrot egiten badu atezainari egozten zaio errua.

Eta filmak atezain figuraren inguruko xehetasun guztiak erakutsi dituela eta filma errepikakorra bilakatuko dela dirudienean, protagonistek euren gogoetak eta ametsak partekatuko dituzte ikuslearekin, atezainen nortasun berezian, motibazioetan eta ibilbideetan sakonduz. Tarek Kharboutly (32 urte) Siriako futbol taldeko atezaina zen ihesean alde egin behar izan zuen arte; Selena Babbek (23 urte) futbolari profesional bilakatu nahi du; Lenny Beembomek (8 urte) futbol ligako lehen mailan jokatzearekin amesten du osasun arazoak izan arren; eta Mossouk (74 urte) bere ibilbideko azken partida jokatuko du “botak zintzilikatu” baino lehen.

Umore eta gertutasun askorekin, dokumentalak futbol amateurreko outsider hauen egunerokotasunean murgilduko gaitu, eta ikasleok haiekin batera sufrituko ditugu aurkakoen erasoaren itxaronaldiak. Eta horixe da gehien gustatu zaidana, filmak futbolaren inguruan eskaintzen duen ikuspegia, gertukoa eta errealista, telebistak eskaini ohi dituen show-etatik urrun. Gainera, Kramerrek bere burua futbolari, argazkilari, storyteller eta zinemagiletzat jotzen duenez, sentsibilitate askorekin filmatu ditu atezainen gorabeherak.

Herbehereetako Zinemaldian (NFF) estreinatu eta “Critics Choice” saria irabazi ondoren, zinema independenteko dokumental borobil hau ikusteko aukera ezinhobea dugu orain Korner jaialdian. Eta emanaldiaren ondoren, Santiago Cañizares atezain ohiak eta José Luis Garci zinema zuzendari eta futbolzale porrokatuak atezainaren lanbide bitxiaz eta haren sekretuez hitz egingo dute Begoña del Tesok moderatuko duen mahai inguruan: ‘ATEZAINAK EZ DAUDE BURUTIK JOTA. Edo bai?’

Piiii. Partida amaiera.