Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Laburren Jaialdian izango dira 2019ko Kimuak katalogoko obrak, urtarrilaren 31tik otsailaren 8ra bitartean. Jaialdia beraren baitan ospatuko den Marché du Film Court azokan ere parte hartuko dute.

Fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta forma ezberdinetako dokumentalak eskainiko ditu 22. Kimuak katalogoak. 65 lan aurkeztu ziren deialdira, eta horien artean zazpi aukeratu zituen epaimahaiak Euskadiko Filmategiaren Kimuak programaren bidez nazioarteko jaialdi eta ikus-entzunezko ekimenetan zabaltzeko. Egile konsagratuen zein berriagoen ekoizpenak daude, eta hizkuntza aniztasuna da nagusi.

Kimuaken 2019ko katalogoaren parte diren zazpi sorkuntzen artean, Raul de la Fuenteren El Infierno edo Ainhoa Gutierrez del Pozo Medvedek daude. Bestalde, Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanoren Artiko;  Izibene Oñederraren Lursaguak. Escenas de vida; Jesús Mª Palaciosen Labo; Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Mateoren ama; eta Chema García Ibarra eta Ion de Sosaren Leyenda dorada.

Film laburrei dagokienez, Clermont-Ferrand mundu mailako jaialdi garrantzitsuenetakoa da, eta ondorioz, ugariak dira nazioarteko parte-hartzaileak: programatzaileak, erosleak, eskolak eta erakundeak, batez ere. ICAA erakundearen ‘Shorts from Spain’ espazioaren barnean ezagutu ahalko da Kimuak katalogoa, beste autonomia-erkidegoetako programa eta katalogoekin. Halaber, bada, Kimuak sortatik kanpo, jaialdi honetako Sail Ofizialean parte hartuko duen euskal film labur bat ere: David P. Sañudo zuzendari bilbotarraren Un coche cualquiera (2019) laburra.

Jaialdiak bere gain hartuko duen Marché du Film Court azoka, aldiz, otsailaren 3tik 6ra ospatuko da, eta han ere film laburak ikusteko aukera izango da.

Jaialdiko datu guztiak ingelesez topatu ditzakezue, webgune ofizialean.