Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrioren LOU. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian (2018) Lou Olangua euskal rockaren aitzindari izandakoari eskainitako omenaldia da. Online ikusi daiteke filma urtarriletik aitzina.

Lou Olangua euskal rockaren emakumezko aurrenetako ahotsa izan zen 80ko urteetan. Humedecidos, OK Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslaria, besteak beste. Ahots bat baino askoz ere gehiago izan zen: probokatzailea, bai estetikan bai jarreran, eszenarioen gainean zenean. 80ko urteetan emakumeak oholtzan hartzen duen lekuari buruzko dokumentala da hau, euskaraz abestearen erabakiari eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantziari buruzkoa.

Hainbat emanaldietatik igaro, eta hamaika herritan aurkeztu ostean, online bidez ikusteko aukera zabaldu dute orain. Besteak beste, filmak Publikoaren saria jaso zuen Dock of the Bay jaialdiaren 12. edizioan.