Euskadiko Filmategiaren programazio zinematografikoak bere errekorra hautsi zuen 2019an Donostiako (Tabakalera) eta Bilboko (Arte Ederren Museoa) egoitzetan. Guztira, 12.289 ikusle gerturatu ziren antolatutako 95 emanaldietara.
12.289 ikusle 95 emanaldietara. Hau da, bataz beste, 130 lagun bertaratu ziren emanaldi bakoitzeko. Horiek dira Filmategiak iragarri dituen ikusle datu nabarmenak, 2019 urteko audientziari dagozkionak. Aldea nabarmena da 2018ak emandakoari erreparatu ezkero: 6.201 pertsona bildu zituzten antolatutako 73 emanaldiek; batez besteko 85 ikusle emanaldiko, alegia.
DIPC Donostia International Physics Centerrekin elkarlanean antolatutako “Zinema eta Zientzia” zikloak lortu zituen joan den urteko emaitzarik hoberenak. 4.312 ikuslek bete zituzten Tabakalerako eta Bilboko Arte Ederren Museoko aretoak, 2017az geroztik kultura zinematografikoaren eta kultura zientifikoaren hedapena bateratzen dituen zikloak erakarrita. Programazioan zinemaren historiako klasiko handiak eta izenburu berriagoak uztartu zituzten, nazioarte mailako zientzialari entzutetsuek aurkeztuta.
Buster Keatoni buruzko atzera begirako zikloak ere antzeko arrakasta izan zuen, orotara, 3.000 ikusletik gora erakarri baitzituen. Cineteca di Bolognak zaharberritutako kopiak erakutsi ziren eta zuzeneko musika entzuteko aukera ere eskaini zuten hainbat emanaldik, Joserra Senperena eta Josetxo Fernández de Ortega piano?jotzaileen eskutik. Hala, zikloak oso belaunaldi desberdinetako pertsonak areto berean elkartzeko bertutea izan zuela nabarmendu dute arduradunek.
Jazzinemaren 4. edizioak, zinema eta jazza batzeko Euskadiko Filmategiak antolatutako zikloak, aldiz, 1.778 ikusle lortu zituen. Guzti honetan, nabarmentzekoa da likloa lehendabizikoz antolatu zela Bilbon 2019an, eta hala, Bizkaiko musika jaialdia Heineken Jazzaldiaren ohiko parte?hartzeari gehitu zitzaion. Yannick Bellon zinemagileari urria eta abendua bitartean eskainitako fokuak ere oso zenbaki onak lortu zituela azaldu dute, 2.000 ikusleko langa gainditu baitzuen. Bukatzeko, nabarmendu dute ere Juanmi Gutierrez zinemagileari eskainitako omenaldian zein Bertrand Tavernierrek aurkeztutako saio berezian aretoa betetzea lortu zela.
Bere lana indartu, eta 2020an Euskadiko Filmategiaren programazioak aurrera jarraituko duela bermatu dute, gainera, urtea amaitu aurretik, Gasteizera (Artium) eramateko asmoarekin.