Italiar zinemak azken urteetan eman dituen zuzendari nagusien lan aipagarrienak aurkeztuko dira Bilboko BBK Salan otsailaren 6tik 8ra. Euskadiko Hizkuntza eta Kulturaren Institutu Ofizialaren Italiako Etxearen ekimenez antolatu dira emanaldiak, eta, Bilboko kultura sailaren, Zinebiren, Basque Film-en eta AR Wine Experience-ren laguntza jaso dute. Azken egunean, gainera, Zinecittà Express lehiaketako film laburrak ikusi eta sariak banatuko dituzte.
Beste toki batean. Horixe da Zinecittà jaialdiak aurten aukeratu duen lema. Izan ere, gaur egungo Italiako gizarteak bizi dituen aldaketak izango ditu oinarri bosgarren edizioak. Migrazioa, despopulazioa, harrera eta itzulera, denak ere gizakiaren baitakoak izanik, gaiok jorratzen dituzten hiru film esanguratsu pantailaratuko dituzte BBK Aretoan.
Otsailaren 6an (osteguna), Fuocoammare (Gianfranco Rosi, 2016) lanak emango dio hasiera jaialdiari. Italia hegoaldeko mugan dagoen Lampedusa uhartean kokatuko du zuzendariak kontakizuna, errefuxiatuen gatazkari helduz. 20 urte baino zertxobait gehiagotan, 20.000 lagun baino gehiago ito dira Afrikatik itsasoa zeharkatu nahian, eta bidaia hori egingo duen Samuel izango da protagonista.
Otsailaren 7an (ostirala), Moglie e marito (Simone Godano, 2017) komedia proiektatuko dute. Andreak eta Sofiak osatzen duten bikotea krisian dago, izan ere, esperimentu neurologiko batek haien bizitza errotik aldatuko du. Hala, haietako bakoitza bestearen adimen eta gorputzean zeharreko bidaia batean sartuko da, egoera sinestezinetara eramateko. Fikziozko istorio honetan, bestearen larruan sartzea izango da elkar ulertzeko eta haien arteko oreka berriz ezartzeko gakoa.
Otsailaren 8an (larunbata), Vado verso dove vengo (Nicola Ragone, 2018) pelikulak itxiko du jaialdia. Matera 2019 Kulturaren Europako Hiriburuaren programak finantzatutako dokumentala da, atzerrian bizi diren italiarren testigantzen bilduma bat. Hegoaldeko landa-eremuetako biztanleriaren galera islatuko du.
Lehen bi egunetako emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta jatorrizko bertsioan proiektatuko dira filmak, gaztelerazko azpitituluekin. Sarrerak bi euro balio ditu.
Larunbateko saioak baina, ordutegi berezia izango du, izan ere, Zinecittà Express lehiaketako film laburrak emango dituzte 19:30ean. Ostean, 20:30ean ekingo diote filmaren proiekzioari, eta bukatzean Nicola Ragone zuzendariak eta Luigi Vitelli gidoigileak hartuko dute hitza. 22:00etan, Zinecittà Express lehiaketako sariak banatuko dituzte.