Myriam Ballesteros zinegile gasteiztarra Bruselasko Animation Co-Production Forum HUB Brussels jardunaldietan izango da otsailean, eta Annie & Carola animaziozko telesaila garatzeko aukera izango du bertan.

Zineuskadik jakinarazi duenez, animaziozko ekoizpenetan landua den gasteiztarra ANIMA – The Brussels Aniamtion Film Festival jaialdiaren baitan (otsailaren 21etik martxoaren 1era) egiten duten koprodukzio foroan parte hartzeko hautatu dute, eta Belgikako hiriburuko Flagey kultur-zentroan izango da otsailaren 26an eta 27an.

ANIMA animazioko lanei zuzendutako Europako jaialdirik garrantzitsuena izanik, zuzendari, ekoizle eta artistak batzen dira bertan, eta garatu bidean dauden proiektuak partekatzeko parada izaten dute. Espainiako, Italiako, Frantziako, Luxenburgoko, Norvegiako, Suediako, Finlandiako, Danimarkako eta Poloniako sortzaileak elkar ezagutzeko bi saio izango dituzte.

Ballesteros izango da artista horietako bat, izan ere,  Annie & Carola telesaila du eskuartean. Ikus-entzunezko sektorean ibilbide luzea du gasteiztarrak. Informazio Zientzietan lizentziatu zen, eta animazioa ikasi zuen New York University-n. MB Productiones ekoiztetxea sortu zuen 1993an, eta Memé y el señor Bobo, Lola y Virginia, Sandra, detective de cuentos y Lucky Fred lanak sortu ditu telebistarako. La superrabieta (1993), La leyenda de un hombre malo (1994) y Mi mejor amiga (2018) film laburren egilea ere bada.

Animakom Fest, Bilboko Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren hirugarren edizioan, hau da, iaz, Ohorezko Saria jaso zuen Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Begoña Vicario eta Maite Ruiz de Austrirekin batera.